argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko biraren azkenengo etapa elkartasun ekitaldi batek itxi du
  • Altsasuko 48 eragilek antolaturiko ‘Nafarroari Bira’ ekimenari amaiera eman diote larunbatean. Bosgarrenez atera dira kalera Altsasuko zortzi gazteen espetxeratzea gaitzesten dutenak.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 26a
Arg: Altsasuko Gurasoak

Goizeko 8:00ak aldera, Altsasuko 80 bat herritar 20 kotxetan atera dira Kastejonerantz larunbatean. Bertan herritarren harrera jaso eta gero, bi zutabetan banatu da “Altsasuko Herriak Nafarroari Bira” ekimeneko kotxe karabana. Batek Corella eta Cintruenigo zeharkatu ditu, eta besteak Valtierra eta Arguedas. Bidean Erriberako herri ezberdinetako biztanleen eta kargu instituzionalen agurra jaso dute. Herriko zortzi gazteen aurka apirilaren 16an hasiko den epaiketaren inguruan informatzea eta auzia gaitzestea dute helburu.

Bi kotxe karabanak Tuterara heldu dira eguerdian, eta bertako kaleetatik kalejira bat egin da gaiteroak eta txistulariak lagunduta. Ibilbidea Foru Enparantzan amaitu da, eta bertan amaierako ekitaldia egin da. Ekitaldiari jotalariek eta Roberto Urra abeslariak eman diote hasiera. Segidan, Tuterako Gazteek hartu dute hitza, esanez 375 urteko espetxe zigorraren arriskuak Altsasuko gazteen eskubideak urratzen dituela.

Altsasuko Gurasoen izenean Edurne Goikoetxeak hartu du hitza. Jasotako berotasun eta elkartasuna eskertu du, eta egoera honen aurrean duten beldurra adierazi: “Azpijokoz beteriko partidua jolastera goazela badakigu, defentsarako aukerak emango ez dizkigutela badakigu”.

Altsasuko Guraso taldeak jakinarazi du apirilaren 14an Iruñera joango direla, “justizia” eskatzera: “Nafarroak ez ditu beraien seme-alabak bazterrean uzten”.