argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko bi gaztek herrira itzuli ahalko dute hirugarren gradua jaso ondoren
  • Iñaki Abad eta Aratz Urrizola Altsasuko gazteek hirugarren gradua jaso dutela jakin da astearte honetan. Horri esker, bi gazteok Altsasura itzuli ahal izango dute.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 18a
Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa 2018ko ekainean Iruñean (argazkia: Dani Blanco).

2016an Koxka tabernako gertakariengatik kartzela zigorrak betetzen ari diren gazte altsasuarretatik bik hirugarren gradua jaso dute, eta kartzelatik ateratzen hasteko aukera izango dute.

Iturri batzuen arabera, baliteke ostiral honetan gertatzea, baina Altsasu Gurasoak elkarteak baieztatu baino ez du egin gazteek lehen irteera-baimena jasoko dutela, eta ez du datarik zehaztu, xehetasun guztiak izan arte.

Iñaki Abadek lau urte eta bi hilabeteko zigorra zuen Gorenaren epaiaren ostean, eta Aratz Urrizolak hiru urte eta sei hilabetekoa. Biek ia bi urte daramatzate kartzelan. Zigortuetako beste hiruk dagoeneko gainditu dituzte hiru urte presondegian: Oihan Arnanz, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda.

Hain zuzen ere, hiru horiek dituzte zigorrik handienak; izan ere, urrian Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ostean, 8,5 eta 9,5 urte arteko kartzela-zigorra ezarri diete. Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxeari 7 urte eta erdiko zigorra ezarri zieten. Abad eta Urrizola ziren hurrengoak jasotako zigor-urteen kopuruan eta zortzigarren kondena Ainara Urquijorena izan zen –urte eta erdi, Gorenaren berrikuspenaren ondoren–, kartzelan sartu ez zena.