argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko beste hamaika gazte identifikatu ditu Espainiako Poliziak Iruñean kamisetengatik
  • Altsasuko hamaika lagun gutxienez identifikatu ditu asteartean Espainiako Poliziak Iruñeko autobus geltokian Ahotsa.info-k jakinarazi duenez. Antza denez, polizia berberek beste hainbat gazte identifikatzen aritu ziren ordu batzuk lehenago. Igandean “Altsasukoak aske” kamiseta zeramaten hiru gazte identifikatu eta 600 euroko isunarekin mehatxatu zituzten.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 12a

Iruñera Sanferminak ospatzera joandako gazte ugarik jasan behar izan dituzte Espainiako Poliziaren identifikazio eta mehatxuak. Asteartean Altsasura itzultzeko autobusa hartzeko unean hamaika gazte identifikatu dituzten aldarrikapen kamisetak eta pegatinak soinean eramateagatik. Gazteak zirikatu eta mehatxatzeaz gain, arazo gehiagorik gabe itzuli dira etxera.

Ez zen berdina gertatu igandean, Espainiako Poliziak “Altsasukoak aske” kamiseta zeramaten hiru gazte 600 euroko isunarekin mehatxatu zituzten, kamiseta “legez kanpokoa zelakoan”.

Aurtengo Sanferminetan oso presente daude Altsasuko gazteen aldeko aldarriak, fiskalak 62, 50 eta 12 urteko espetxe zigorra eskatu eta gero. Uztailaren 14an 17:30etan Gaztelu Plazan elkarretaratzea deitu dute Oihan, Adur eta Jokinen espetxealdiaren kontra.