Altsasuko auzian auziperatutako Iñaki Abadek bideo bat aurkeztu du asteazkenean auziko zortzigarren saioan, non zalantzan jartzen baituen Guardia Zibilaren sarjentuak epailearen aurrean egindako deklarazioa.
Aurretik onartu ez bazuen ere, oraingoan froga gisa hartu du epaimahaiak Abadek istiluaren ostean grabatutako bideoa. Bertan ikusten da sarjentuak alkandora txuri bat zeramala, hautsi gabe eta odol arrastorik gabe, aurretik epailearen aurrean eman zuen bertsioaren kontrara.
Bideoan Abad bera, Ainara Urkijo eta Jon Ander Cob ikusten dira, eta sarjentua haien ondotik pasatzen bada ere, ez ditu identifikatzen foruzainen aurrean. Bestalde, ikusten da nola sarjentuak eskuarekin mugikorra lurrera botatzen dion Abadi, gazteak deklaratu bezalaxe.
Tenientearen bikotekide Maria Jose Naranjoren osasun egoeraren inguruan deklaratu dute akusazioak deitutako psikologoek. Beraien arabera, trauma osteko estresa eragin dio istiluak eta ondoko egoerak.
Defentsak deitutako medikuen ustez, ordea, guardia zibilen zein euren bikotekideen lesioak “ez datoz bat” egindako deklarazioarekin. Naranjok esan zuen jende-saldo batek “lintxatu” zituela, baina medikuen esanetan, bertsio hori ez da bateragarria istilutik hiru astera egindako azterketa medikuko emaitzekin. “Lesio larriagoak izatea espero beharko genuke. Medikuen azterketek ez dute ezer erregistratu, ez dago ezer”.