argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko auzia, epai irmoaren zain
  • Gazteak zigortzeko froga nahikorik ez dagoela eta prozedura irregulartasunez josia dagoela salatu dute defentsek. Fiskaltzak zigorrak defendatu ditu Guardia Zibilari gorazarre eginez. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, epaia irmoa izango da.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 19a
Artxiboko irudia.

Auzitegi Nazionalak bi eta hamairu urte arteko espetxe zigorretara kondenatu zituen Altsasuko gazteak, eta haien abokatuek helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Asteazkenean aztertu du Gorenak helegitea, jatorrizko sententziatik hiru urtera.

Gazteen abokatuek epaiketa eta sententzia ez direla justuak izan salatu dute oro har, hainbat zergati argudiatuz. Zigortzeko froga nahikorik ez dagoela esan dute, eta akusatuen errugabetasun presuntzioa ez dela errespetatu. Gazteen identifikazioak bermerik gabeak izan dira defentsen ustez, eta Guardia Zibilaren ikerketa partziala. Auzitegi Nazionalak astungarri bezala onartu zuen Guardia Zibilaren aurkako “diskriminazio ideologikoa” baztertzea ere eskatu dute defentsek. Astungarri horrek urteetan luzatu ditu gazteen aurkako espetxe zigorrak.

Espainia, Erregea, Konstituzioa

Gorenaren fiskal Alvaro Redondok sutsu defendatu du Auzitegi Nazionalaren epaia bere horretan mantentzea. Defentsaren argudio guztien aurka egin du. Astungarri ideologikoa justifikatuz, esan du Guardia Zibilak “Espainia, Erregea eta Konstituzioa” defendatzen dituela eta horregatik egin zietela eraso. Frogei eta identifikazioei dagokienez, defendatu du epaimahaiak lekuko batzuei beste batzuei baino balio handiagoa ematea.

Epaia

Gorenak ez du epaia emateko epe jakinik. Zenbait hedabidek hogei egun inguru barru jakinaraziko duela adierazi dute, iturri juridikoak aipatuta. Gazteak errugabetzea, zigorrak murriztea edo horiek mantentzea erabaki dezake Gorenak.

Gorenaren erabakiarekin epaia irmoa izango da. Praktikan, gazteen zigorrak murrizteko azken aukera da Gorenaren sententzia. Horri helegitea aurkeztu nahi izanez gero, Espainiako Auzitegi Konstituzionala litzateke hurrengo urratsa. Baina auzitegi horrek auzipetuen eskubide konstituzionalak urratu diren edo ez aztertuko luke, ez egitateak. Ondoren, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegia litzateke azken aukera, baina bere ebazpen bat heltzerako gazteek zigorra beteta lukete.