argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko auzia asteazken honetan aztertu behar du Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Gazteen defentsak aurkeztutako helegitea aztertuko du Espainiako Auzitegi Gorenak. Gorenaren epaia zigorren murrizketa praktikoa lortzeko azken aukera da. Itxaropena eta beldurra helarazi dute espetxeratutako gazteek eta haien gurasoek.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 18a
Altsasuko gazteen aldeko mobilizazio baten irudia (Artxiboko argazkia).

Auzipetuak errugabetu, haien aurkako zigorrak leundu edo Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi: aukera horien artean erabakiko du Espainiako Auzitegi Gorenak asteazken honetako auzi saioaren ostean. Espetxeratutako gazteek Auzitegi Nazionalaren sententziari jarritako helegitea aztertuko du Gorenak auzi saioan, hiru urte eta gero.

Ez da espero Gorena asko luzatzea epaia jakinarazten. Baina litekeena da egunean bertan ez ematea, defentsak aurkezten dituen argudioak aztertu behar dituelako Gorenak printzipioz. Praktikan, gazteen defentsarako bide judizialaren itxiera da Gorenaren epaia. Ondoren Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea lukete espetxeratuek, baina bertan aztertuko litzatekeena da prozesuan auzipetuen eskubide konstituzionalak urratu diren edo ez, ez gertakariak. Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea jartzea litzateke azken aukera, baina bere ebazpen bat beranduegi helduko litzateke. Gorenaren erabakia, hortaz, erabakigarria da.

Itxaropena eta beldurra

“Gure semeak beldurtuta eta urduri daude”, adierazi du Bel Pozuetak: “Hiru urte daramate espetxean, eta gaurkoan amaitu liteke amesgaiztoa, edo ez”. Gurasoek Goreneko auzi saioa zuhurtziaz hartzen dutela azaldu du: "Ibilbide honetan jaso ditugun epaiak hain gogorrak eta hain bidegabeak izan direnez, Gorenarena ere kontu handiz ikusten dugu".