argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko auzia Estrasburgon
  • Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegiteak aurkeztu dituzte auzipetuen abokatuek. Tramiterako onartzeko zain daude.

Guaixe .eus @guaixe 2021eko urtarrilaren 14a
Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformako kideak Gorenaren epaiaren balorazioa egiten.

Altsasuko auzia epaitegien ibilaldian azken geltokira iritsi da, Estrasburgon dagoen Giza Eskubideen Europako Auzitegira. Abokatuek auzipetu bakoitzeko helegite bana aurkeztu dute urte hasieran. Defentsek idatzi horietan argudiatzen dute Espainian epaile inpartzial bat izateko eskubidea urratu zaiela, eta aurkeztutako frogak onartu ez izana.

Lehen argudioa arrazoitzeko Europako epaitegiari gogoraraziko diote Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko lehen aretoko epailea Concepcion Espejel dela, Guardia Zibilaren koronel batekin ezkonduta dagoena eta erakunde horren Merezimenduzko Saria jaso duena. Abokatuek “ageriko lotura afektibo eta psikologikoa” dela argudiatu eta helegitea aurkeztu zuten 2018an, eta Espejelek berak atzera bota zuen. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Jose Ramon Navarro eta Eloy Velasco epaileek ere aipatu saria jaso zutenez, haien kontra ere egin dute defentsek helegitea aurkezterakoan. 

Bigarren argudioa da, Altsasuko zortzi auzipetuei prozesu justu bat izateko eskubidea urratu zaiela. Abokatuek, besteak beste, salatu dute kasuaren instrukzioan hainbat froga eta lekuko aurkeztea galarazi zitzaiela. Esaterako, Adur Ramirez de Alda beste arropa batzuekin ageri zela Burunda frontoiko harmailetan; edo Iñakik grabatutako bideoa, non ikusten den liskarraren ondoren guardia zibiletako bat ustezko erasotzaileen bila ari den, eta ez duen inor identifikatzen.