Espainiako Auzitegi Gorenak zantzuak ikusi ditu gertaera "terrorismo delitutzat" hartzeko eta Audientzia Nazionalaren 3. Instrukzio auzitegiari eman dio kasua epaitzeko eskumena, Madrilen.
Eskumen gatazka zegoen Audientzia Nazionalaren eta Nafarroako Lurralde Auzitegiaren artean: Madrilen edo Nafarroan epaitu taberna bateko liskarrarengatik kartzelan eta auzipetuta amaitu duten gazteen kasua. Espainiako Auzitegi Gorenak "delituaren larritasuna" baloratzeko orduan kontuan izan du polizietako batek izandako zauriak eta Espainiako Zigor kodearen irakurketa itxia eginez "terrorismo delitu" izateko zantzuak daudela ondorioztatu du, Berria egunkariak jaso duenez. Ondorioz, Madrilen epaituko dituzte gazteak.
Duela egun gutxi Audientzia Nazionalak gazteen kontrako prozedura etetea erabaki zuen, Gorenaren erabakiaren zain. Defentsak argudiatu du Madrilgo auzitegiak "gehiegizko" interpretazioa egiten duela eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak arrazoi eman dio. Gorenak ordea bestela erabaki du.
2016ko urriaren 15ean gertaerak jazo eta hainbat gazte atxilotu eta auzipetu zituztenetik elkartasun keinuak, mobilizazioak eta auzia Nafarroan epaitzeko eskaerak etengabeak izan dira. Duela gutxi 70 alkatetik gorak babesa eman die auzipetuei, tartean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetakoak.