argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko gazteen aurkako zigorren “neurrigabekeria” salatzeko, elkarretaratzea antolatu dute urriaren 26an Iruñean
  • Azken hiru urteetako elkartasuna, urriaren 26an berriz erakusteko deia egin dute Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske taldeek. Epaia "astakeria eta zentzugabekeria" dela salatu dute eta Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgora joko dutela ziurtatu dute.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 11
Altsasu Gurasoak plataformako kideak osteguneko prentsaurrekoan. Argazkia: @Altsasugurasoak

Espainiako Estatuko Auzitegi Gorenak hartutako erabakia irmoa da jada, eta Altsasuko gezteen gurasoek "sumina, haserrea, inpotentzia eta amorrua" adierazi dute ostegunean hedabideen aurrean. Argi utzi dute prentsaurrekoan azken epai horrekin "injustizia apaindu nahi bazuten, ez dutela lortu".

Auzia Nafarroatik atera zuten, legedi antiterroristaren izenean. Gurasoek, Altsasukoak Aske eragilearekin batera, gogorarazi dute amaierako erabakiak ez duela inondik "terrorismo" terminoa aipatzen, eta "muntaia mantentzen duen sententzia zurruna" dela gaineratu dute.

Auzia hiru urtez luzatu da eta denbora horretan sentitutako "elkartasuna" eskertu nahi izan dute, eta "injustiziari aurre egiteko" elkarretaratze baten berri eman dute: urriaren 26an Iruñeko Auzitegiaren aurrean, arratsaldeko 17:00etan hasita. Aurretik, bizikleta martxa bat egingo dute, Altsasutik Iruñeraino joango dena.

Erabaki irmoa denez, graduen berrikusketak eta eskariak egiteko aukera zabaldu da. Horrek gazteek Zaballako espetxea noizbehinka uzteko abagunea emango die. Gurasoek ez dute zalantzarik: "Kasu hau Estrasburgon amaituko da, Marteraino joan behar badugu, joan egingo gara. Ez dugu zalantzarik Estrasburgon jakingo dela Espainiako Estatuak injustizia bat egin duela".