argia.eus
INPRIMATU
Altsasu ez da probokazioan erori
  • Larunbatean “Utzi Altsasu Bakean” manifestazioa eta igandean Ciudadanos, Vox eta PP alderdien etorrera salatu zuten milaka herritarrek. Albert Rivera ez zen ongietorria izan autotik jaitsi orduko, eta manifestariak ekitaldia oztopatzen ahalegindu ziren une oro; oihu, txistu eta kanpai hotsez betea izan zen giro-soinua, besteak beste.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 05
Argazkia: Europa Press

España Ciudadana plataformak pasa den iganderako Altsasun antolatu zuen ekitaldia, Ciudadanos, Vox eta PP alderdiek babestutakoa, gaitzestea zuten helburu larunbateko eta igandeko manifestazio zein ekintza ezberdinek. Altsasuko Herri Asanbladak deituta, larunbat arratsean manifestazio jendetsua burutu zuten Foru Enparantzatik abiatuta, “Utzi Altsasu bakean” lelopean. Antolatzaileen hitzetan 10.000 lagun inguru bildu ziren.

Igandean herriko plazako kioskoa ez zen ohi bezela esnatu: katez lotutako hesi baten barruan zimaur pila handi bat zegoen, eta bertan Ciudadanos, Vox eta PP alderdien bandera bana. Bestalde, bi deialdi ezberdin antolatu zituzten, biak 10:00etan: Eskubide eta Askatasunaren Gunea Iortia Enparantzan, Herri Asanbladaren eskutik, eta hilerritik hasita gazteen topaketak eta kontzertua besteak beste, Altsasu Faxismoaren Kontra ekimenak antolatuta. Lehenengoan bildu zen jende gehien, España Ciudadana plataformak antolatutako ekitalditik gertu dagoen Iortia Enparantzan. Egitarau potoloa zuten prestatua: Petti, Xabi Solano eta Fermin Muguruzaren kontzertuak, batukada feminista, eta Amets Arzallus eta Eneko Lazkozen bertso saioa izan ziren besteak beste.

Goizeko 11:00ak pasatxoan iritsi ziren Ciudadanoseko Albert Rivera, eta Vox eta PPko gainerako buruzagiak  Altsasura, beren jarraitzaileen babesarekin baina  ekitaldiaren aurka zeuden manifestarien oihu artean. “Harriak" bota zizkiotela salatu zuen Riverak, manifestatu ziren ekimen guztiek halakorik gertatu zela ukatu zuten arren. Foru Poliziak jakinarazi duenez, "txanponen bat, metxeroren bat eta harri txintxarriren bat bota ziren".

Eguneko momentu izarra España Ciudadanaren ekitaldia hasi zen une berean izan zen: hainbat minutuz jarraian entzun ziren elizako kanpai hotsak, ekitaldiko hizlariak entzuteko arazoak sortuz. Poliziak orduan elizara sartzea erabaki zuen, eta bertan zeuden bi pertsonak atera zituzten. Santiago Abascal Vox alderdiko buruak sare sozialen bitartez adierazi zuen haserrea. Ondoren, Albert Rivera hizketan zela, 15 bat minutuz sirena hots etengabe bat izan zen plazan, ondoko etxebizitzatik zetorrena.

Foru Poliziak jakinarazi duenez, kanpandorretik kanpai hotsa eragin zituzten bi gazteen aurkako "salaketa administratibo larria"  jarriko dute, legezko ekitalde bat oztopatzeagatik. Beheraxeago ikusi daiteke Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariak txio batean jasotako kanpai hotsen bideoa.

Larunbateko manifestazioko zenbait irudi, Guaixe bidez:

 

Ahotsa.info-k honela laburbildu zuen igandea:

 

 

Igandeko gertakarien zenbait irudi: