argia.eus
INPRIMATU
Altsasu, Castejon eta Tafallako tren geltokietako leihatilak itxi dituzte, urtea hastearekin batera
  • Sustrai Erakuntza Fundazioak azaldu duenaren arabera, erabakiak zerikusia du Abiadura Handiko Trenaren inbertsioarekin. Espainiako Estatuan 140 lehiatila baino gehiago itxi dituzte jadanik trenbide kobentzionalaren sarean.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 02a
Altsasuko geltokia (Irudia: foro-ciudad.com)

Nafarroako hiru geltokitako leihatilak itxi dituzte Renfe eta ADIF sozietate publikoek. Castejonen, Tafallan edo Altsasun trenerako txartelak hartu nahi dituztenek, orain webgunetik edo telefonoz erosi beharko dituzte toki horietatik bidaiatzeko. Lehiatila horiek ixteko erabakia ez da behin behinekoa izan eta lotura dauka Espainiako Estatuko beste toki askotan gertatzen ari denarekin. CGT sindikatuak salatu du halako erabakiek ez diela "onik egiten hutsik dauden inguruei".

Jakinarazpen batean, ADIF enpresa publikoak azaldu du, oro har, 100 bidaiari baino gehiago eta txartel-leihatilan salmenta-kopuru jakin bat dituzten estazioetan baino ez dituela bere gain hartuko txartelak.

Sustrai Erakuntza Fundazioak, halaber, gaitzetsi du "urte berriak Nafarroako aldirietako trenaren eraistea" ekarri duela. AHTren aurkako borrokan diharduen fundazioak azaroan ohartarazi zuen Abiadura Handiko Trenak ez zuela "onurarik ekarriko" Tafalla bezalako herrientzat, eta bai ordea "natur kalte ugari".