Txomin Poveda urruñar gazteak joan den abendoaren 21ean aurkeztu du Baionako fakultatean soziologia tesi balios bat. “There is an alternative. Expériences de la pensée radicale et de l’agir pragmatique au Pays Basque Nord” izeneko lan hori Francis Jaureguiberry Paueko unibertsitateko soziologoaren zuzendaritzapean eremana izan da. Ipar Euskal Herriko herritarrek hainbat sektoretan sortu esperientziak aztertu ditu Txominek: ikastolak eta euskalgintza, eusko-a, laborantxa iraunkorra, finantza solidarioa, eko-etxegintza, zirkuito laburrak eta bertze hainbat eremu.
Zergatik ezagutu ote dute holako garapena azken urte hauetan? Zergatik engaiatzen dira eragileak gisa hortako balentrietan? Tesiak erakusten du esperientzia desberdin horiek mugimendu sozial bat osatzen dutela, zeharkako logika baten izenean. Militantismoaren aldaketa baten lekuko dira baita ere: militanteak ez dira gehiago, ordu arte bezala, berme eta bizi guzirako lotzen eredu eta erakunde soil bati. Berehala eta konkretuki baliagarri izanen den ekintza modurik hoberena dute hautatzen.
“Pragmatismo erradikal” mota bat hautemaiten du Txominek mobilizazio horietan, zoinek egitasmoen bidez eta ez protesta xoilen bidez dituzten alternatibak eraikitzen. Hipotesi horien jorratzeko, Alain Touraine-ek bere denboran sortu interbentzio soziologikoaren metodoa erabili du Txominek. Bortz lan talde osatu ditu, 43 lagunekin, eta 30 aldiz bildu. Ororen buru, 72 oren eztabaida eta 1.002 orritako transkripzioak. Xinaurri lana. Aipatu gabe banan-banaka egin elkarrizketak. Lurraldeko eragileekin lankidetzan eremana izana da ikerketa hori, maiz gertatzen ez dena.
Ikerketa on baten lehen bertutea da gogoeta berrien sustatzea. Tesi hunek erantzun bezenbat galdera daramatza. Ze lotura ote dute alternatiba herrikoi horiek gaur egun lurraldean garatzen ari den gobernantza eredu berriarekin? Ze neurritaraino ez ote dira alternatiba horiek sortu eta bultzatu dituzten zonbeit gaur egun sartzen ari tokian-tokiko gobernantza erakundeetan, gizartearen eraldatzeko tresna guziak erabiltzeko gisan? Mugimendu alternatibo horiek Estadoarekin duten harremana ez ote da guk frangotan uste dugun baino bikoitzagoa: Estado zentralista eta bortitzaren aurka bai, bainan Estado erregulatzailearen menturan ere, batez ere ingurumen, ondare edo etxegintza gaietan.
Tesiak, azkenik, irekitzen ditu biziki gogoeta interesgarriak alternatiben barne eztabaidetaz, nun beti tentsioan jartzen dituzten erradikalismoa eta pragmatismoa. Hots, funtsezko ekarpen bat, bai euskal gizarteari, bai gizarte zientzier. Eta baldintza berezi batzutan aurkeztua izan dena, birusa barrandan izanki Baionako karrika hertsietan... Agian artikulu edo/eta liburu eder bat aterako da lan hortarik. Zorionak berriz ere Txomin!