argia.eus
INPRIMATU
Alternatiben Herria Iruñean: “Bai, kapitalismoak badu alternatibarik”
  • Datorren ekainaren 2an Alternatiben Herria ospatuko dute Iruñean kapitalismoak baduela alternatibarik erakutsi nahi duten Nafarroako pertsona eta kolektiboek. Ostegunean egin zuten Iruñeko Katakraken bilera orokorra eta baliatu zuten ekimenaren aurkezpen orokorra egiteko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko martxoaren 16a
Katakrak liburudendan egin zuten Alternatiben Herriaren aurkezpena. (Arg.: Alternatiben Herria)

Neoliberalismoaren ikurtzat hartzen den Erresuma Batuko Margaret Tatcher lehen ministro ohia presente izan zen aurkezpenean. 80ko hamarkadan mandatari britainiarrak kapitalismoak ez zuela alternatibarik esan zuen eta Iruñerritik eta Nafarroatik gogorarazi nahi diote baietz, badela alternatibarik eta datozen hilabeteetan frogatuko dutela.

2013an Baionan egin zen lehenbiziz Alternatiben Herria eta 2015ean Bilbon. Hirugarrenenean Iruñean izango da udaberriaren amaieran. Hilabeteetan lanean ari direla diote eta “Thatcherri, baina bereziki gure buruei eta auzokideei erakutsi eta irakatsiko dizkiegu dauzkagun alternatibak: bizitza duin eta anitzaren alde lan egiten duten sindikatuekin, herri mugimenduekin, gobernuz kanpoko erakundeekin, ekonomia sozialeko kooperatibekin, espazio autogestionatuekin, edo aisialdia beste modu batera pentsatzen duten guneekin”.

Iruñeko Alde Zaharra izango da festagunearen ardatza eta, Bilbon bezala, jarduera sei auzo tematikoren bueltan antolatuko da: bizitza anitza eta duinak; auzoekonomia; arragoa, guztion hondarea; herriak eta lurra; burujabetza eta haurren errepublika. Ekimenean lan egin nahi duenak Alternatiben Herriaren webgunean topa dezake informazio gehiago eta haiekin harremanetan jartzeko modua.

Aurkezpena egin ondoren lanera batu ziren Iruñeko auzoetatik etorritako herritarak. (Arg.: Alternatiben Herria)