Urriaren 24an egingo dute Alternatiben Herria ekimena Bilbon. Finantzaketarako crowdfunding kanpaina jarri dute abian antolatzaileek: 21.050 euro lortzea dute helburu, baina lortu beharreko gutxieneko kantitatea 12.180 euroan jarri dute.
Irailaren 16an jarri dute martxan 40 egun iraungo duen kanpaina. Norbanakoek zein kolektiboek nahi duten ekarpena egin diezaiokete proiektuari Goteo.org orrialdean. Lehen egunean 2.685 euro lortu ditu kanpainak.
“Bizitza eta amalurra mehatxupean jarri duen sistemaren aurrean dauden alternatibak saretu eta erakusteko eguna” izanen da Bilboko Alternatiben Herria. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladak antolatu du ekimena.
Euskal Herrian martxan dauden alternatiben eta proiektuen erakuslehio izango da eguna, eta informazioa partekatu, gogoeta eta eztabaida bultzatu edota parte-hartzaileen arteko konplizitatea eta aliantzak sortzea ditu helburu, besteak beste.
Gaien araberako bost gunetan banatuta egongo da Alternatiben Herria:
-Natura (energia subiranotasuna, klima aldaketa, hondakinak, mugikortasuna, elikadura burujabetza, kontsumoa)
-Ekonomia eredua (finantzak, txanpona, ekonomia soziala)
-Demokrazia (subiranotasuna eta parte hartzea, eredu ekonomiko, sozial, kultural eta politikoa erabakitzeko eskubidea)
-Aniztasuna (jatorria, identitatea, sexua, funtzionalitatearen inguruko aniztasuna)
-Ondare komuna (euskal hizkuntza, hezkuntza, euskal kultura...)
Bilboko Areatza eta Alde Zaharrean eginen dute ekimena, eta egunean zehar hamaika ekitaldi izango dira: hitzaldiak, mahai inguruak, azoka, tailerrak, kale ikuskizunak, jolasak, janaria eta edaria.