Alternatiben Herria ekimena Bilbora iritsiko da urriaren 24an. Hilaren hasieran Donibane Garazin izan ondoren, lekukoa hiriburu bizkaitarrak hartuko du.
Dinamika honek 2014an onartu zen Eskubide Sozialen Kartari jarraipena ematea du xede. Euskal Herriko hainbat eragilek hitzarmen hau sinatu ostean, etorkizunera begira bi erronka finkatu zituzten: batetik, jendea mobilizatzea, eta bestetik, gizarte eredu berri bat garatzea. Azken horretarako, eta Parisko COP21 konferentziari begira, hilaren 24an eginen den Alternatiben Herria antolatu dute.
Antolatzaileek argitaratu duten manifestuaren arabera, lau dira dinamika honen helburu nagusiak: Euskal Herriak herri gisa alternatiba sozialak dituela erakustea, bertako eragile sozialen kohesioa indartzea, trantsizio sozial eta ekologikoa lortzeko gizartearen aktibazioa sustatzea, eta Alternatiba guztien artean elkarlana sortzea. “Dei hau egiten dugunok alternatibak daudela eta jada martxan daudela erakutsi nahi dugu. Sistema da aldatu behar dena”, azaldu dute.
Karpa Nagusia eguneko elkargune
Ekitaldi, tailer eta mahai inguru andana egongo dira dozena erdi karpa, lokal eta gunetan zehar banaturik. Ekitaldi nagusiak Areatzan izango dira, zehazki Arriagako zubiaren alboan jarritako Karpa Nagusian. Bertan emango diote egunari hasiera, goizeko hamarretan. Ostean, gainontzeko guneetan martxan jartzearekin batera, umeak izango dira protagonista Karpa Nagusian. Haurren asanblada egingo dute Urtxintxa eta Oinherriak antolatuta.
11:30etik 13:30ak arte, Karpa Nagusiaren ondoan, Troyako zaldi bat eraikitzeko tailerra egongo da. Zaldia eraikitzen diharduten bitartean, eguneko hitzaldi nagusietakoa hasiko da Karpa Nagusian, eguerdiko 12:00etan. Herrialdeei begirada bat, burujabetza sozialerantz izenburupean, herri subirautza eta aldaketa sozialaz arituko dira Mario Zubiaga politika zientzietako irakaslea, David Fernandez CUPeko kidea eta Cat Boyd idazle eskoziarra. Jule Goikoetxea izango da moderatzailea. Eskozia eta Katalunia izango dituzte hizpide eta hitzaldia euskara, gaztelania zein ingelesez jarraitu ahalko da.
Eguerdi aldera, indarrak berreskuratzeko unea izango da. Bazkaria antolatu dute karpan bertan. Txartelak 15 eurotan daude salgai Zazpi Kaleetako Kalderapeko tabernan. Bazkal ostean, 17:00etatik aurrera perkusio afrikarraren emanaldia egongo da, eta ordu berean multinazionalen eta Europako itunen aurkako alternatibez arituko dira La Europa social y de los pueblos ante la amenaza de los tratados internacionales mahai-inguruan. Areatzan dauden “tingladoetan” izango da mahai-inguru hau.
Mahai inguruak eta performanceak Auzoekonomia gunean
Auzoekonomia guneari dagokionez, bertan ere hainbat ekintza egonen dira. Karpa hau 10:30ean irekiko da, Ekhi Bizkaiko tokiko txanponari buruzko esperientzien kontakizun komunarekin. Ondoren, hitzaldi eta mahai inguruei egingo zaie tartea. Guztira lau izango dira; horietan lehena 11:00etan hasiko den kapitalismo heteropatriarkalaren alternatibei buruzkoa. Bertan, besteak beste, Pikara Magazineko koordinatzaile June Fernandezek eta Via Campesina batzordearen fundatzaile Paul Nicholsonek hartuko dute hitza.
Bigarrenak “enplegu edota lan produktibo/erreproduktiboa?” izango du hizpide. Irrati saio formatuan egingo dute –dinamizatzaile lanetan 97 irratiko Gorka Andraka arituko da–.13:00etatik 14:30era eginen da, goizeko saioari amaiera emanez.
Behin Karpa Nagusian bazkaldu eta indarrak batuta, gune honetan arratsaldea ekintzaletasun sozialari buruzkoa mahai inguruak irekiko du. Honen berezitasuna ondorioetan egongo da, Oihane Enbeitak solaskideek esanikoak bertsoz laburtuko baititu.
Laugarren eta azken mahai inguru/hitzaldiak prekarietatearen alternatibak jorratuko ditu. Bertan hizlariak “prekaritateari eta botere ekonomiko eta finantzarioek inposatzen dizkiguten politikei aurre egiteko ekintzez” mintzatuko dira.
Zernahi ere, hitzaldiez landa beste ekintza batzuk ere egongo dira, performanceak kasu. Horietan lehenak, 12:30ean hasiko denak, finantza etikak eta genero desberdintasunak jorratuko ditu, eta bigarrenean “Las Kapritxosas” taldeak Feminismo airlines performancea antzeztuko du.
Egunari amaiera emateko, 19:30etatik aurrera amaiera jaialdia egingo dute Karpa Nagusian. Ekitaldiaz gain, Kaxianoren Alabak eta Xabier Solano arituko dira, eta sorpresaren bat ere egongo da.
Hemen auzoekonomia gunean egingo denaren laburpen bideoa: