Urriaren 24an Alternatiben Herria egingo dute Bilbon. Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak planteatutako erronka da Alternatiben Herria.
“Mobilizazioa” eta “alternatiba, eredu berria lantzea” izan ziren Eskubide Sozialen kartaren erronka nagusiak. Martxoaren 14ko manifestazio nazionalarekin lehen puntua landu zen eta bigarren erronkari ekingo diote urriaren 24an Bilbon: alternatibak, eredu berriak eraikitzeari, alegia.
Bizi! mugimenduak, Parisko klima aldaketari buruzko goi bilera dela eta, alternatibak sortzeko deialdia egin zuen “sistema aldatu, ez klima” lemapean. Deialdiari jarraipena eman nahi dio Alternatiben Herriak Bilboko ekimenarekin.
Ospakizuna, formakuntza eta aldarrikapena uztartzeko ideiarekin osatu dute Bilboko Alternatiba Herria. Euskal Herrian dauden bestelako eredu sozial, ekonomiko, eta ekologikoen erakusleiho eta gogoetarako espazio izatea dute helburu antolatzaileek. Arlo ezberdinak gune edo “auzoetan” egongo dira banatuta, eta hauetako bakoitzean ekimen ezberdinak egongo dira egun osoan.
Alternatibak eta eskubideak estuki lotuta daudela ulertzen dute Alternatiben Herriaren antolatzaileek, eta beraz, “kapitalaren erasoen” aurrean norbanakoen eta herrien burujabetza defendatu dute.
Donostiatik eta Baionatik abiatuta, Bizi! eta Attac elkarteek antolatutako Alternatiba itzulia Parisera bidean da dagoeneko, irailaren 26an bertan egingo den COP21 klimaren gailurrera iristeko. 5.000 kilometro baino gehiago egingo dituzte parte-hartzaileek gai honen inguruan gizartea informatu eta mobilizatzeko helburuarekin.
Ekainaren 5ean Donostiako Alternatiben Herrixkatik igaro zen martxa. Jende askok hartu zuen parte bertan egun osoan antolatutako ekimenetan