Autogestioan oinarritutako proiektuak sortzen, garatzen edo gogo horrekin dagoen gazte oro deitu dute parte hartzera prozesuko 2. asanblada orokorrean. Udarregi ikastolan batuko dira 9:30ean.
Abenduaren 19an egin zuten lehen asanblada Añorgako (Donostia) Firestone lantegi berreskuratuan gazte mugimenduko espresio desberdinetan aritzen diren 60 gazte inguruk. 2016ko udazkenerako alternatiben inguruko topaketa bat antolatzea da asmoa, baina ordura arteko eta ordutik aurrerako bidea ere izango dute helburu.
Lantaldeka antolatzen ari dira dagoeneko: lana, etxebizitza, sorkuntza, gaztetxe eta gazte asanbladak, iraunkortasuna, euskara, elikadura burujabetza, kirolak, hezkuntza, feminismoa, jai herrikoiak eta komunikazioa. Bakoitza bere martxan ari da bidea eginez: ildo horretan kokatzen diren kolektibo zein norbanako desberdinekin harremanak egiten, diagnostikoak egiten eta eztabaidak identifikatzen, proiektu posibleen inguruan hausnartzen etab.
Arlo guztietan eta leku guztietan, ahal bezain beste alternatiba eta proiektu sortzea da asmoa. Bakoitza bere bidetik, baina denak autogestioan oinarrituta; elkar ezagutuz, elkar lagunduz eta sarean lan eginez. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute prozesuan parte hartzea Euskal Herri osoan lanean ari diren edo gogo horrekin dauden gazteek, errealitate eta ideia desberdinekin lan egiteko.
Herri eta auzoetan deialdiaren zabalpena egiteko bitarteko komunikatiboak jarri dituzte eskuragarri hemen.