argia.eus
INPRIMATU
Alternatibak badirela erakusteko, hiria herri bihurtuko da Bilbon
  • Bestelako mundua posiblea bakarrik ez, egingarria ere badela erakutsi nahi dute larunbat honetan Bilbon antolatu duten Alternatiben Herrian. Euskal Herriko eragile sozial askoren topaleku, aurrerantzean denen artean sor ditzaketen dinamiken abiapuntu izan liteke.

ARGIA @argia 2015eko urriaren 24a

Bost gune eta egitarauak beteta Bilboko zitarako: natura, ingurumena eta klima aldaketa bezalako gaiak hizpide han, gorputz eta bizi-eredu ez normatiboei buruzko eztabaidak hemen, ekonomia sozial eraldatzailea, kultura eta euskara ezinbesteko osagaitzat hartuta.

167 eragile bat eginda

Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartatik abiatu zen ekimena eta Bilboko zita iritsi denerako gorputza hartu du. Hasierako mugimendu sozial eta erakunde sindikalei beste hainbat batu zaizkie, 167 eragile guztira (tartean ARGIA), esparru diferenteetakoak izan arren antzeko kezkak dauzkatenak.

Ekimena iragartzeko manifestuan azaltzen dira Bilbon izango direnek partekatzen dituzten helburuak: Euskal Herriarentzat bestelako eredu soziala bultzatzeko premia, mugimenduen arteko kohesioa indartzea, trantsizio sozial eta ekonomikoan sakontzeko gogoa eta, behin Alternatiben Herria amaituta, bertan ikusiko diren alternatibek elkarlanean jarraitzea.  

Aldaketa martxan

“Alternatibak ditugula eta jada martxan daudela erakutsi nahi dugu”, irakur daiteke aipatutako testuan. Eta ez da hori erakutsiko den lehen aldia izango, baina baliteke Euskal Herrian egin diren mota honetako ekimenen artean asmo handienekoa izatea.

2013an Baionan antolatu zen lehen aldiz Alternatiben Herrixka, Donostiak eta Donibane Garazik hartu zioten lekukoa ondoren, ekainean abiatuta Parisera iritsi zen Alternatiba Tourra ahaztu gabe.

Azken urteetan hainbat mugimenduk partekatu duten irakurketaren erakusle izan litezke guztiak ere: egun indarrean den sistemari kontra egitera mugatu ordez, bestelako bizitza, ekonomia, harreman, gizarte eta kultura ereduak gaurtik martxan jarri behar direla uste dute Bilbo herri bihurtuko duten eragileak.