argia.eus
INPRIMATU
Alternatiba Tourra arrakasta handiz amaitu da Parisen, lau hilabeteko ibilaldia burutuz
  • 60.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte Parisen Alternatiba Itzuliak larunbat eta igandean antolatutako ekitaldietan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko irailaren 28a
Alternatiba Itzuliko txirrindulariak Parisko karriketan azken metroak korritzen, buru dutela Txetx Etxeberri Bizi!ko kidea. (Argazkia: Le Monde)

Horrela amaitu da Bizi! elkarteak Attac eta beste zenbait eragilerekin antolatuta ekainean Baiona eta Donostian abiatu zen ibilaldi luzea, abenduan munduko agintariek klimaren beroketaz burutu behar duten COP21 gailurraren aurrean gizartea mugiarazteko helburuz egina.

Larunbatean, hilak 26, 5.637 kilometroko bidaia luzea egin duten militanteak Parisko karriketara iritsi direnean beren txirrindu luze bitxiekin, 1.500 herritar gehiagok eman diete babesa beren bizikletekin, Place de la Republiquen zain zeuzkaten 20.000 jenderen artera iristeko. Mitin jendetsu batek eman zion amaiera txango aldarrikatzaile luzeari. Hizlari ospetsuen artean bat nabarmentzekotan, militante gazteen artean mintzatu zela Edgar Morin soziologoa.

Bitartean, asteburu osoan zabalik egon da Alternatiben Herrixka, duela hiru urte Baionan estreinatu zen haren ildotik Europa osoan zabaltzen ari den formula (Euskal Herrian heldu den asteburuan Donibane Garazin izango da hurrengoa, eta urriaren 24an Bilbon). Basta! aldizkariak bere kronikan eskaintzen ditu Parisko herrixkan parte hartu zuten elkarteen xehetasunak, gehi giroaren kontaketa eta argazki ederrak. Beste hainbeste egin du Reporterre webguneak, "Eta Alternatiba egin zen Errepublikaren jabe!" izeneko erreportajearekin.

Euskal Herritik abiaturik Frantziako estatua zeharkatu eta inguruko herrialdeetan ere barnatu den Alternatiba Itzuliak etapa bakoitzean bide egin die hainbat hitzaldi, bilkura eta erakusketari, dena abenduan Parisen burutuko den Klimaren gailurra berotzearren.