argia.eus
INPRIMATU
Alternatiba Itzulia blokeatu du poliziak Frantziatik Alemaniarako bidean
  • Ekainean Baionan hasi eta Pariserako bidea bizikletaz egiten dabil Alternatiba Itzulia, irailaren 26an iristeko. Abenduan ospatuko den COP21 klimaren gailurraren aurrean jendartea mobilizatu nahi dute martxarekin. Fessenheimgo (Frantzia) zentral nuklearrean egindako azalpenen ondoren oztopatu du poliziak itzulia. 

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 22a
Itzuliak Fessenheimgo zentral nuklearraren aurrean egindako geldialdiaren ondoren identifikatu ditu poliziak ziklistak (argazkia: @1000alternatiba)

Hainbat komunikabide eta kamaren aurrean energia nuklearraren aurka azaldu dira martxaren bozeramaileak, Alternatiba Itzuliak Fessenheimgo zentral nuklearraren aurrean egindako geldialdian: “Industria nuklearrean inbertitzen diren milaka milioiak ez dira energiaren kontserbaziora edota energia berriztagarrietara bideratzen.”

Ordu arte ez da inolako istilurik izan itzulian, baina Alemaniako mugatik kilometro bateko distantziara zegoela, Frantziako poliziak bidea oztopatu eta ziklistak identifikatu ditu. Ekainaren hasieran martxa hasi zenetik lehen kontrola izan da, eta antolatzaileek adierazi dutenez, poliziaren aurretik behin baino gehiagotan igaro dira identifikatzeko beharrik gabe. Fessenheimgo ekintzagatik fitxatu nahi izan dituztela salatu dute. 

 
Alemaniako polizia ere inplikatuta

Identifikazioen ondoren, Frantziako poliziak Alternatiba Itzuliari bere bidea jarraitzen utzi dio, muga zeharkatuz. Gau horretan, ordea, Alemaniako etxalde batean afaltzen zeudela, beraien hitzetan “surrealista eta harrigarria” den esperientzia bizi izan dute: Alemaniako poliziaren zazpi ibilgailu etxalde barrura sartu, eta Frantziak Friburgoko fiskalari ziklistak identifikatzeko eskaera egin diola jakinarazi diete. Identifikatu ezean, martxa blokeatuko zutela adierazi diete.  

Antolatzaileek salatu dute, COP21en urte berean, Frantziak beste herrialde bati klimaren aldeko mobilizazio baketsu eta eraikitzailea geldiarazteko eskatzea surrealista dela. Abokatuekin hitz egingo dutela adierazi dute, gertakariaren aurrean neurriren bat har dezaketen aztertzeko.

Oihartzun handia izaten ari da Alternatiba Itzulia sare sozialean: #AlternatibaItzulia edota #TourAlternatiba (Twitter)