argia.eus
INPRIMATU
Alternatiba ekosozial justua aldarrikatu dute Iruñean eta Bilbon
  • Maiatzaren 11n egin dira mobilizazioak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak antolatu dituzte. 60 eragile sozial baino gehiagok bat egin dute mobilizazioekin.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 13a
Bilboko manifestazioaren irudia. Argazkia: Ecuador Etxea.

Bi hirietan izan dituzte gogoan Rafah, Gaza eta Palestina. Genozidioa bukatzea eskatu dute bertaratutakoek.

Manifestazioen bukaeran irakurritako manifestuan azpimarratu dute “egungo egoerak krisi ekologiko gero eta sakonago eta prekaritate handiagora” daramala gizartea. Prezioen igoeren ondorioz, elikadura osasungarria eskuratzeko zailtasunak salatu dituzte. Zerbitzu publikoak eta zaintzarako eskubide kolektiboa errespetatzea eskatu dute. Ohartarazi dute matxismoak eta arrazakeriak gora egin dutela.

Manifestazioen antolatzaileek zazpi ardatzetan bildu dituzte haien aldarrikapenak:

- Denontzako planeta bizigarri bat behar da, eta, horretarako, larrialdi klimatikoari eta krisi ekologikoari aurre egin behar zaie.

- Bizitzak erdigunean eta ez gutxi batzuen negozio eta etekinak erdigunean jartzen dituen eredu ekonomiko eta soziala behar da.

- Lanak duindu behar dira, bereziki funtsezko lanak. Aberastasuna birbanatu behar da eta horretarako, gehien duenak zerga gehiago ordaindu.

- Ez ditugu merkatuaren esku utzi nahi bizitzarako funtsezko eremuak. Elikagaien subiranotasuna, telekomunikazioak edo energia eremu publikotik bultzatu beharrezko oinarrizko elementuak dira.

- Eskubide guztiak pertsona guztientzat, guztiok baitugu bizimodu duina izateko eskubidea. Matxismoa, arrazismoa… eta zapalkuntza eta diskriminazio ardatz guztiak suntsitu behar dira. Atzerritartasun Legea bertan behera utzi.

- Gerrari eta gastu militarrari ezetz, eta gizartea eta ekonomia desmilitarizatu.

- Egin beharreko aldaketa horiek guztiak ezin dira merkatuaren esku utzi. Planifikazio publiko sendoak eta demokratikoki eraikiak behar dira.

Ahotsa.info hedabideak Iruñeko manifestazioaren berri jaso du eta ikus-entzunezkoan parte-hartzaileen aldarrikapenak jaso ditu.