argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko gazteen Nafarroako Biran 12.000 pertsonatik gora parte hartu dute
  • Herrialdean barna egindako bost etapatan “ biztanleriaren erantzuna apartekoa izan da”, adierazi dute antolatzaileek. Deialdi berriak egin dituzte.

Guaixe .eus @guaixe 2018ko apirilaren 04a

Altsasuko 49 kultur, kirol, gastronomia, gizarte edota hezkuntza elkartek herrialdean barna Altsasuko auziaren berri emateko Nafarroako Bira antolatu zuten. Otsailaren 24tik martxoaren 24ra bitartean, bost etapatan, birak Nafarroako eskualde guztietara eraman du “kasu honen inguruko informazioa eta giza-eskubideen eta demokraziaren printzipioen aldarria modu presentzial eta anitzean, Nafarroako gizartea mezu hauen inguruan sentsibilizatu eta konprometitu dadin”.

Balorazioa egiterakoan antolatzaileek azaldu dutenez, “12.000 pertsonatik gora izan dira senitarteko eta auziperatuei elkartasuna adierazi eta era zuzenean kasuari buruzko informazioa jaso dutenak”. Aldi berean gaineratu dute herrialdean barna laguntza talde ugari sortu direla; “lanean dihardute gure mezua hedatzeko eta hamaika ekimen berri antolatzen ari dira”. Adibide gisa, martxoak 31 eta apirilak 8 bitartean Lizarraldeko 20 udalerritan antolatu diren elkarretaratzeak edota Tafallan apirilaren 7an burutuko diren ekitaldi eta manifestazioa. Bestetik, Nafarroako Birako antolatzaileek gogorarazi dute Gasteiz eta Bilbon egindako manifestazio jendetsuak. Gogorarazi dute larunbatean Sakanan auto karabana eginen dela. Bi adar izanen ditu: 11:30ean Irurtzundik eta Ziorditik abiatuko dira eta 12:30ean Arbizun elkartuko dira eta ekitaldia eginen da.

Senitartekoen eta Bira antolatu duten elkarteek “bihotzez eskertu” dituzte “elkartasun olatu hau eta kasu honen gakoak zein jasaten ari diren giza-eskubideen zapuzketa hauek geografian zabaltzeko egiten ari den lan guztia”. Gaineratu dutenez, gizarteak adierazitakoa erakundeen adierazpenei eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak joan den urteko martxoan emandako autoari batzen zaiela azaldu   dute: “ez da soilik pertsona eta familia batzuei zuzenduriko elkartasuna, demokraziaren balore eta printzipioen eta giza-eskubideen defentsa ere izan dela pentsatzen dugu. Neurri honetan argi geratu da Nafarroako gizarteak bere seme-alaben eskubideak defendatzen dituela eta sakonki arduratuta dagoela gertatzen ari den bizikidetza eta demokraziaren narriaduragatik, botere gehiegikeriek, gain-aktuazio judizial eta mediatikoek eta gure lurraldekoak ez diren eragileen injerentziek sortuak”.

Deialdiak

Altsasuko 49 kultur, kirol, gastronomia, gizarte edota hezkuntza elkartek gizarte osoari dei egin diote apirilaren 14an, 17:30ean, Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko den manifestazio jendetsuan parte hartzera. Bestetik, apirilaren 16 eta 27 bitartean Madrilen epaiketa izanen da. Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak dei egin dute epaiketak iraunen duen bi asteetako bi ostegunetan, apirilaren 19an eta 26an, 19:00ak aldera, elkarretaratzeak egin daitezen herrietan udaletxeen aurrean. Haietan Justizia nahi dugu. Ez da terrorismoa. Altsasukoak aske leloa erabiltzea eskatu dute.

Artikulu hau Guaixe Sakanako Astekariak argitaratu du eta CC-by-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.