argia.eus
INPRIMATU
Altan Bernedoko langileek elkarretaratzea egin dute Txagorritxu ospitalean, 41. greba egunean
  • Azaroaren 29an abiatu zuten greba mugagabea Altan Bernedon. Lan-hitzarmen propio eta duina eskatzen dute langileek, KPIaren araberako soldata igoera bermatuko duena.

Hala Bedi @halabedi 2022ko urtarrilaren 28a

Azaro bukaeran ekin zioten Altan Bernedon greba mugagabeari eta jarraipen zabala izan du hasieratik, enpresa batzordearen arabera: %100ekoa produkzioko, I+G+B, mantentze lanetako, biltegiko eta kalitate-kontroleko langile finkoen kasuan. Badira behin behineko langileen artean ere greban direnak. Asteartean elkarretaratzea egin zuten Gasteizeko Santiago erietxe parean, hitzarmen propioaren eta KPIaren araberako soldata igoeraren aldarrikapenak kalean entzun daitezen. Gaur, osteguna, Txagorritxu ospitalean egin dute mobilizazioa.

Aipatzekoa da Altan Bernedori milaka euroko isuna jarri berri diotela, grebaren ondorioz Osakidetzari kontratuan hitzartutako botikak entregatu ez dizkiolako. Osakidetzak ez du isunaren zenbatekoa zehaztu, baina sindikatuen arabera 100.000 eurokoa izan daiteke. «Lotsagarria da enpresa prest egotea isunak ordaintzen jarraitzeko, eta ez eskatzen duguna onartzeko; eskatzen duguna oinarrizkoa eta justua bada ere. Lotsagarria da enpresak isunak ordaintzea nahiago izatea, produkzioarekin eta lanean jarraitzea baino.» adierazi dute ordezkari sindikalek.

Hiru urteren ostean, enpresa batzordeak oinarrizkotzat dituzten bi punturi eutsi nahi die negoziazioetan: «hitzarmena konbenio bezala erregistratu nahi dugu ofiziala izan dadin, eta soldata igoera KPIaren araberakoa izan dadila bermatu«. Zuzendaritzak blokeatuta daukan negozioazioa bultzatze aldera eta akordioa erdieste aldera, enpresa batzordeak hainbat baldintza onartu ditu, KPIari muga jartzea kasu (%4an). Hala ere, enpresak ez du langileen eskakizunetako bat ere onartzen. «Negoziazioa guztiz estankatuta dago», diote.

Enpresaren zuzendaritzak orain arte langileen baldintzak okertu baino ez ditu egin. Estatuko Kimiken Hitzarmaren pareko baldintzak ezarri nahi dizkiete: hiru lanegun gehiago, soldata igoera produkzioari lotu, eta aldi baterako ezintasunen osagarriak guztiz kendu. Azken hori bereziki kezkagarria da langileentzako.

Industria farmazeutikoan aritzen den enpresa da Altan Bernedo (lehengo Biomendi) eta 150 langilek osatzen dute plantilla. 2019an Biomendirekin zuten hitzarmena amaitu zenetik ari dira hitzarmen berria lortzeko borrokan. Enpresak «jarrera zurruna» erakutsi du hasieratik eta lan-baldintzak okertzen dituen neurriak hartu ditu, langileek azaldu dutenez. Azken hamar urteetan, gainera, 5 aldiz izoztu diete soldata eta hitzarmen berri bat negoziatu den bakoitzean ez da haintzat hartu KPIa. Horrek eraman ditu dauden egoerara langileak.

Oraingoz, greba deialdia urtarrila osora luzatuko da eta mobilizazioak egiten jarraituko dute. Kanpezuko eta Bernedoko udalek mozio bana onartu zuten abenduan, eskualdeko enpresa nagusiko gatazka konpontzeko akordio bat eskatzeko. Azken asteetan, sindikatuetako ordezkariak Batzar Nagusietako talde politikoekin bildu dira gatazka honetan bitartekari lana egin dezaten eskatzeko.