argia.eus
INPRIMATU
Alta eman diote Ertzaintzak zauritutako Realeko zaleari
  • PSGren aurkako partidaren aurretik izandako karga polizialean zauritu zuten pilotakada batez emakumea.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko martxoaren 14a
Ertzaintzaren karga, Anoeta inguruan.Linas Korta/Argia

Joan den asteartean, PSGren aurkako partida hasi baino minutu batzuk lehenago, Ertzaintzak egindako kargan jaurtigai baten buruan izandako kolpearen ondorioz zauritu zen Realeko zaleari alta eman diote eta bere etxean dago familiarekin.

44 urteko emakumeak bilakaera ona izan duela eta, gaur bertan eman diote alta. Edonola ere, oraindik hainbat proba neurologiko egin beharko ditu hodi aurikularrean duen hematomagatik. Joan den ostiralean Donostia Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatetik atera zuten, elektroentzefalograma bat egin eta emaitza onak lortu ondoren.

Hainbat hedabidek zabaldu zutenez, Ertzaintzak ikerketa bat abiaraziko zuela iragarri zuen, eta gertakariak “berreraikitzen” ari dela baieztatu du.  Bestalde, familiaren abokatuak salaketa jarri du ertzain etxean.