argia.eus
INPRIMATU
Alsazian ezetzak irabazi du lurralde elkargoa osatzeko erreferendumean
  • Alsazian ez dute onartu lurralde elkargoa osatzeko proposamena. Atzo egin zuten galdeketa, eta Bas-Rhin eta Haut-Rhin departamentuetako alsaziarrek baiezkoa eman behar zioten aurrera atera ahal izateko. Guztira baiezko botoak ezezkoak baino ia 70.000 gehiago izan arren, Haut-Rhinen ezetzak irabazi du eta, beraz, lurralde elkargoa atzera bota dute.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 08a
Haut-Rhin departamentuan ez onartzeak atzera bota du lurralde elkargoa (Argazkia: newswhip.com)

Galdeketa Alsaziako UMPk bultzatu du, bi departamentuetan eta eskualdeko kontseiluan agintzen baitu. Nahiz eta baiezko botoa eskatu duten, Haut-Rhinen ez dute onartu. Eskuin frantsesarekin batera baietzaren alde egin dute ekologistek, Unser Land ezkerreko autonomistek eta eskuin muturreko l’Alsace d’Abord eta Bloc Identitaire alderdiek. Lurralde elkargoaren kontra, berriz, eskuin muturreko Front National eta ezkerreko Front de Gauche azaldu dira. PSk ez du bere jarrera argitu, baina Estrasburgoko alkate Roland Riesek ezetza eskatu du.

Abstentzioa izan da nagusi bi departamentuetan, %64 guztira.

Prozesu honek Frantziako Estatuan antzeko galdeketak nahi dituzten nazioei bidea ireki diezaieke. Ipar Euskal Herrian, Bretanian eta Normandian lurralde elkargoa osatzeko ekimenak indarra hartzen ari dira. Itsas gaindiko kolonia ohietan, aldiz, independentziaren aukera ere mahaigaineratu dute. Esaterako, Kaledonia Berria uharteetan.

Erreferendumaren aitzakian, Kike Amonarrizek Alsaziari buruz idatzi du bere blogean.