Bizi! mugimenduak jakinarazi du bi astez 1,8 tona ikatz botako dituela Baionako Société Générale bankuaren egoitza aurrean, Alpha Coal proiektuaren aurkako ekintza modura.
Bankuak ikatza ustiatzeko proiektuan parte hartzeari uzten ez badio, maiatzaren 21etik ingurumenaren aldeko nazioarteko egunera arte, ekainaren 5era arte, luzatuko du Baionako egoitzaren aurkako ekintza Bizi!-k.
Australiako Koral Harresi handia arriskuan
Australian dago ikatza produzitu eta esportatzen duen Alpha Coal enpresa. Bizi! mugimenduko kideen esanetan ingurumenean “desmasia ikaragarria” eragingo du proiektuak, Australiako Koral Hesi Handia arriskuan jarriko baitu.
Gainera, bertako 50.000 enplegu ingururi eragingo diola ere adierazi dute, eta proiektuak 1,8 mila milioi tona CO2 atmosferara isuriko dituela.
Ohikoa ez bada ere, Baionako banketxearen aurkako desobedientzia ekintza aurrez iragartzea erabaki dute mugimenduko kideek eta jo-puntua publikoki seinalatu dute, klima arazoen larritasunak “beste aukerarik” utzi ez diela argudiatuta.
Crowdfunding bidez ekintza finantzatzen laguntzeko diru bilketa abian jarri dute. Dagoeneko 1.900 euro bildu dituzte, eta maiatzaren 21a bitartean beste hainbeste eskuratzea da asmoa.