argia.eus
INPRIMATU
Sarenneko glaziar “hil berriari” azken agurra eman diote Alpeetan
  • Duela lau urte Islandiako Okjökull eta Suitzako Pizol glaziarren omenez egindako hiletek bezala, frantziar Alpeetan dagoen Alpe D’Huez estazioak hartzen duen Sarenne-ko glaziarrari emandako agurrak larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi ditu herritarrak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko urriaren 31

“Betiko iraungo zuela uste genuen izotza desagertzen ari da; jada ohiko bihurtu dira desagertutako glaziarren omenezko hiletak”, idatzi du Laurie Deboyek La Relève et La Peste gunean. Frantziako Estatuan, Sarennekoa da gisa honetako omenaldia jaso duen lehenbizikoa. Irailaren 3an agurtu zuten IGS Nazioarteko Glaziologia Elkarteko ikertzaileek, Mountain Wilderness France taldeko kideek eta hainbat herritarrek. “Udan eskia egiteko aukera desagertzea [1990eko hamarkadan] izan zen lehenbiziko abisua”, azaldu François Valla glaziologoak, Le Parisien-ek jaso duenez: “Banekien lehenago edo geroago hil egingo zela, baina ez nuen uste bizi nintzen artean ikusiko nuenik; uste nuena baino azkarrago gertatu da”.

3.000 metroko garaieran kokatua, pasa den mendearen hasieran Sarenneko glaziarrak bailara osoa hartzen zuen, tontorreraino heltzen zen eta 100 metro inguruko lodiera zuen. 1980ko hamarkadan dozenaka metro lodi zen oraindik, leku batzuetan 80 metrorainokoa; baina azken urteetan abiadura askoz ere biziagoan urtu da. Ehun urte pasatxotan, haren zabalera 124 hektareatik hutsera pasa da.

– 1908: 124 hektarea
– 1952: 85 hektarea
– 2003: 41 hektarea
– 2009: 12 hektarea
– 2014: 9 hektarea
– 2023: 0 hektarea, glaziarraren desagerpena eta, ondorioz, behatze-lanak bertan behera uztea. Glacioclim behatokiak betiko desklasifikatu du 2023ko urriaren 16an, glaziarrari so 75 urte eman ostean.

1969ko afixa, Sarenneko glaziarrean eskiatzeko puntuak markatzen dituena.

Iratiko eski estazioa, klima aldaketagatik itxia

Alpe D'Huezeko glaziarraren desagerpenaren berri izan dugu Iratiko eski estazioa itxi egingo dutela jakin eta astebetera. Bero eta haizealdi handiek bultzatu dituzte arduradunak erabaki hori hartzera.

Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren (OPCC) arabera, elur artifizialik gabe mendilerroko estazioen %63k itxi egin beharko luke hemendik urte batzuetara, eta hura baliatuta ere, hirutik baten patua desagertzea da, hegoaldera eman edo garaiera baxuenean dauden horiena bereziki. Espainiako Estatuan, sei eski estazio handienen (Pirinioetako bosten eta Sierra Nevadakoaren) pisten %52 elur artifiziala sortzeko kanoiekin hornituta daude, Ballena Blanca elkarteak plazaratutako txostenean jasota dagoenez. Datu hauek eta askoz ere gehiago topatuko dituzue Kirola eta klima larrialdia erreportaje luzean (ARGIA 2.879).

Islandiako Okjökull glaziarra zegoen lekuan plaka bat jarri zuten, mezu honekin: “Datozen 200 urteetan gure glaziar guztiek patu bera izan dezakete. Monumentu honek erakusten du bagenekiela zer gertatzen ari den eta zer egin behar den. Soilik zuk jakingo duzu egin genuen ala ez”. IGS elkarteak egindako ikerketa baten arabera, 2100 urtera bitartean Alpeetako glaziarren %90 desagertuko da. “Aurreikuspen beldurgarrion aurrean, badira ekosistema babesteko ahalegina egin nahi dutenak, baina baita elur-jardueretan inbertitu nahi dutenak ere, saihestezina dena atzeratu nahi dutenak elur artifizialeko kanoi eta azpiegitura iragankorrekin”, idatzi du Laurie Deboyek.