EAJko alkate ohiak, udaleko arkitekto ohi batek eta Laneder Construccioneseko bi enpresarik onartu dute prebarikazioa, iruzurra eta dokumentuen faltsutzea egin izana. Fiskaltzarekin eta akusazioarekin hitzarmena egin dute: bi urteko kartzela zigorra, hamarreko inhabilitazioa eta lapurtutako dirua interesekin itzultzea (guztira 881.000 euro).
Bizkaiko Alonsotegi herriko auzipetuen epaiketa urtarrilaren 18an hastekoa zen, baina bertan behera geratu da, akusazioko aldeekin aurreakordioa egin baitute delitugileek. Aitortu egin dituzte leporatutako delituak, hau da, prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta iruzurra egin izana. EH Bilduk herri akusazio moduan zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen auzipetuentzat eta Fiskaltzak seikoa; baina espetxea saihestea lortu dute.
2011 eta 2015 artean EAJko alkate izandako Jose Luis Erezumak, garai hartan udalean jarduten zuen arkitekto batek eta Laneder Construcciones eraikuntza enpresako bi arduradunek 881.000 euro itzuli beharko dituzte (lapurtutako 681.000 euroak eta beste 200.000 interesengatik). Gainera, hamar urteko inhabilitazioa eta bi urteko espetxe zigorra onartu dituzte; aurrekaririk ez dutenez, kartzela saihestuko dute.
Dirulaguntzak, zorra kitatzeko
Fiskaltzaren arabera, akusatuek 2011n dirulaguntzak jaso zituzten, azaroko euriteek ustez eragindako kalte materialak konpontzeko; Bizkaiko Foru Aldundiaren 600.000 euro eta Alonsotegiko Udalaren 81.000. Baina ez ziren inoiz egin konpontze-lan horiek, udalak 2008tik Laneder Construcciones enpresarekin zuen zorra ordaintzeko erabili baitzuten dirua. Dokumentuaren arabera, akusatuek plana prestatuta zuten, eta dokumentuak faltsutu zituzten.
Alonsotegi 1991n sortu zen herri gisa, Barakaldotik bananduta. Herriak izandako lehen hiru alkateak, Gabino Martinez de Arenaza, Aitor Santisteban eta auzipetutako Jose Luis Erezuma ustelkeria kasuekin lotuta egon dira eta kasuak epaitegietan daude; EAJkoak dira hirurak.