argia.eus
INPRIMATU
Alokairuzko patinete elektrikoak, Parisko kaleetatik at
  • Irailaren 1az geroztik ez dago patinete elektrikorik alokairuan Parisen, herritarren artean egindako bozketan ezezkoa gailenduta. Parte-hartzea ez da handia izan (%7,46koa), baina ezezkoak botoen %90 lortu du, eta agintarientzat nahikoa izan da buruan zeukaten ideia gauzatzeko: alokairuan ziren patineteak zirkulaziotik kendu dituzte, haien lekua emateko bizikleta elektrikoei.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko irailaren 05a
Erabiltzaileen arau-hausteak, istripuak eta oinezkoekin izandako arazoak medio, patinete elektrikorik ez da gehiago alokairuan izango Parisen. Argazkia: Chabe01 / Wikimedia

Frantziako hiriburua izan zen patinete elektrikoen alokairu-zerbitzua abian jarri zuen aurrenetakoa, garraiobide jasangarriagoen aldeko urratsak eman aldera, baina haien erabilera handitu ahala, arauak arau, areagotu dira istripuak eta bestelako problemak (oinezkoekin elkarbizitza-arazoak tartean). Hori horrela, Parisko Udalak erreferenduma egitea erabaki du, eta bozka eman duten herritar gehienek patineteen erabileraren aurka egin dute.

Parisen 15.000 bat patinete elektriko alokatu zitezkeen gaur arte. Hiru enpresak eskaintzen zuten zerbitzua (Tier, Lime, Dott), eta Tier-ek adibidez iragarri du patineteak kendu baina 5.000 bizikleta elektriko berri jarriko dituela zirkulazioan.

15.000 patineteak, beharrezko konponketan eginda, Frantziako eta Europako beste hiri batzuetara bidaliko dituzte. Patinete pribatuak dituzten pertsonek horiek erabiltzen jarraitu ahal izango dute Parisen.

Monreal, Kopenhague, Bartzelona...

Patinete elektrikoen aurkako neurriak hainbat hiritan hartu dituzte dagoeneko. Montrealen (Quebec), esaterako, patinete elektriko oro debekatu dute; Kopenhaguen (Danimarka) denbora baterako debekatu zituzten, atzera berriz ere neurri zorrotzagoekin baimentzeko; eta Bartzelonan (Herrialde Katalanak) patineteak garraiobide publikoetara igotzea debekatu dute behin-behinean, araudia borobildu artean.