argia.eus
INPRIMATU
Alokairuen prezioa mugatzeko araua azaroaren 25ean jarriko da indarrean Ipar Euskal Herrian
  • Tentsiopean dagoen eremuko 24 udalerritan mugatuko dituzte alokairuen prezioak, Angelun, Baionan, Donibane Lohizunen, Hendaian, Miarritzen, Uztaritzen eta Ziburun, besteak beste.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko urriaren 22a
Baionan eta beste 23 udalerritan jarriko da neurria indarrean. Winniepix / Flickr

Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Jean René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Baionan eskainitako prentsaurrekoan adierazi dutenez, hasiera batean araua bi urtez izango da indarrean, proba moduan. Etxebizitzaren arazoari aurre egitea du xede, eta hura eskuetan, metro koadroko batez besteko alokairua kalkulatuko da etxebizitza mota ezberdinak kontuan hartuta, Tidjan Peron eta Maite Ubiria kazetariek Kazeta.eus-en azaldu duten moduan. Baiona Handiko T2 motako 45 metro koadroko apartamentu baten kasua jarri dute adibide moduan: merkatuan 850 eurora hel daiteke, eta gehienezko prezioa 603 euroan finkatuko da.

Gehienezko prezioa hainbat irizpideren arabera finkatuko da (eremu geografikoa, gela kopurua, eraiki zen urtea, etxebizitzak altzariak dituen edo hutsik dagoen...). Halaber, alokairu-kontratu berrien kasuan soilik aplikatuko da; ez du eraginik izango indarrean dauden kontratuengan, ezta etxebizitza sozial alokatu batean bizi direnengan ere.

"Mobilizazio sozialaren emaitza da"

Jean René Etchegaray Elkargoko lehendakariaren hitzetan, arauaren helburua da "gehiegizko alokairuen eta prezioen gehiegizko igoeraren aurka egitea, herritarren erosteko ahalmena babesteko". Bestalde, EH Bai koalizioak adierazi du "etxebizitza eskubidea bermatzeko urrats garrantzitsua" dela. "Mobilizazio sozialaren, lurraldean eraikitzen diren adostasunen eta borroka kolektiboaren emaitza da", gaineratu du. Etxebizitza eskubidearen defentsan diharduen Alda elkarte abertzaleak ere gizarte zibilaren papera nabarmendu du, eta gaineratu arauaren eraginkortasuna frogatzeko ezinbestekoa izango dela "kontrol neurriak" ezartzea. Pirinio Atlantikoetako prefetak gogorarazi du arau berria betetzen ez duen etxe-jabeak 5.000 euro arteko isuna jaso lezakeela.