Negoziaketa luzearen ostean, alokairuak erregulatzeko lege proposamena onartu dute irailaren 9an. Legearen xedea da alokairuen prezioak izoztea, eta erreferentzia indizearen gainetik leudeken prezioak jaistea. Lege proposamena erreferentzia bilakatu daiteke beste herrialde batzuen begietara.
Lege proposamenaren bultzatzaile den Sindicat de Llogateres-ek (Maitzerren Sindikatua) irailaren 9ko arratsaldez eman zuen berria: alokairuak erregulatzeko lege proposamena onartu berri zen Kataluniako Parlamentuan. PP, C’s, PSC eta PdeCAT alderdiek kontra bozkatu arren, CUP, ERC, En Comú Podem eta JxCat alderdien babesarekin legeak aurrera egitea lortu zuen, nahiz eta trabarik aurkitu duten bidean. Izan ere, lege proposamenaren alde bozkatu duten alderdiek uda aurretik adostu zuten alokairuen erregulazioaren alde egitea, lege proposamenaren inguruko bozka ekainean egin asmoz, baina uztailaren 21ean zortzi zuzenketa aurkeztu zizkion proposamenari JxCat-ek. Zuzenketa horiek onartu ezean, legearen alde bozkatzearen aurka agertu zen alderdia, eta asteazken arratseko azken unera arte ez zuten lortu koalizioaren babesa.
Sindicat de Llogateres-eko bozeramaile Jaime Palomerak El Saltori adierazi dionez, betiko “susmagarriek” jarri zizkioten trabak legearen aldeko hasierako batasunari, susmagarri hitzarekin erreferentzia eginez Jabetza Ganberari, higiezinen agentziei eta funts-putreei.
Lege onartu berriaren xedea da alokairuen prezioak izoztea, eta erreferentzia indizearen gainetik dauden alokairuen zenbatekoa jaistea. Legeak debekatu egiten du kontratuaren iraungitzea baliatzea alokairuaren prezioa igotzeko, eta zaurgarritasun egoeran dauden etxejabe txikiak (hilean 2.000 eurotik beherako diru-sarrera daukatenak) erregulaziotik kanpo uzten ditu.
El Saltok zehaztu duenez, Kataluniako herritarrek soldataren %56,5 bideratzen dute alokairua ordaintzera, eta azken bost urteetan alokairua soldatak baino 30 aldiz gehiago hazi da. NBEren arabera, herritarrek soldataren herena bideratu beharko lukete bizilekua ordaintzera gehienez, eta horretarako Katalunian alokairuen prezioak %40 merketu beharko lirateke, Palomerak azpimarratu duenez.
Espainiako Gobernuari dagokio orain onartutako legeari bidea iraki ala moztea. Espainiako konstituzio auzitegian jarritako helegiteek legea bertan behera geratzea eragin dezakete.
Kataluniako Estatuaren Bermeen Kontseiluaren irizpideen arabera, lege proposamenaren hainbat artikulu Espainiako konstituzioaren aurkakoak izan litezke, Espainiako Estatuarenak diren konpetentziak inbaditzeagatik.
“Guk espero dugu [Espainiako] Gobernuak ateak irekiko dizkiola beste lurraldeen alokairua arautzeko aukerari, eta honako lege hau erreferentzia bihurtzea”, adierazi du Palomerak
Lege proposamena onartuta, hau behin behinekoa da izango da: hamabi hilabeteko froga epea du, eta ostean berrikusi eta erabakiko dute bost urtez luzatuko den.
Sindicat de Llogateres-ek azpimarratu duenez, lorpen hau hasiera besterik ez da, eta orain artean bezala beren eskubideen alde borrokan jarraitzea dagokie orain maizterrei.
Sí, #AvuiRegulemElsLloguers, però només és l'inici.
Ara afilia't al Sindicat de Llogateres, i a seguir lluitant! ✊ pic.twitter.com/xuO0GrkmvV
— Sindicat de Llogateres i Llogaters (@SindicatLloguer) September 9, 2020