Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrieldietarako Laguntzak desagerrarazi ditu Etxebizitzaren Lege berria garatu duen Dekretuak.
Berri-Otxoak bazterketaren aurkako plataformak Etxebide, Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuak, etxebizitza eta logelak alokatzeko gastuak ordaintzeko laguntzak eskuratzea zailtzeko hartu duen erabakia salatu du apirilaren 2an, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko Ordezkaritzan. Etxebizitza Lege berria ezarriko duen Dekretuak, Lanbideren Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrialdietarako Laguntzak bertan behera utziko dituela aurreikusita dago. Haien tokian Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa izango da indarrean geldituko den alokairurako laguntza bakarra.
Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa eskuratzeko baldintzek ere aldaketak izango dituzte; Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan hiru urtez izena emanda egotea eskatuko da, orain arte inolako antzinatasunik eskatzen ez zuen laguntza lortzeko. Berri-Otxoa plataformak gogor salatu du Jaurlaritzaren erabakia, “Euskal Etxebizitza Zerbitzuan hiru urtez izena ematea eskatzeak ondorio larriak ditu. Horrek esan nahi du Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria edo Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituzten ehunka familiak ezin izango dituztela laguntza horiek jaso”.
Gaur aplikatuko da Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa eskuratzeko murrizketak indarrean jarriko dituen Dekretu berria, “gutxienez 35.000 familiari eragingo diena”. “Neurrigabeko alokairuei eta neurririk gabeko igoerei” aurre egiteko 30 euroko laguntzak ere murriztu egin ditu Jaurlaritzak; hala, Berri-Otxoak Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, erabaki hauek “etxebizitza duin bat eskuratzea urratzen” duela salatu du, “Zer aukera dituzte pisu edo gela baten hartzaile diren pertsona eta familiek modu independentean bizitzeko? Erantzuna argia da, bat ere ez”.