Koronabirusaren krisiagatik ekonomia erabat gelditu den arren, alokairuak lehen bezalaxe ordaindu behar dituztela salatu dute Espainiako Estatuko maizterren sindikatuek. Eskatzen dute gobernuak bertan behera utz ditzala alokairu horiek eta grebara deitu dute asteazkenean, hilabete hasierarekin.
Sindikatuek azaldu dutenez, greba egin edo ez, jadanik milaka dira ordaindu gabe geratuko diren alokairuak –10.000 mezutik gora jaso dituzte hori adieraziz–, egoera ekonomikoak eta behin behineko kaleratzeek eraginda. Ezinean dabiltzan horiek babesteko, eta Espainiako Gobernuari eskatzeko berak utz ditzala bertan behera alokairuen ordainketak, grebara deitu dute asteazkenetik aurrera.
"[Etxejabeek] Higiezinen errentak kobratzen jarraitzen dute urre truke, ekonomia gelditu ez balitz bezala, eta milaka herritar zorpetzera eramango ditu horrek", azaldu dute ohar bidez. "Ez badugu kobratzen, ez dugu ordainduko", adierazi dute. Grebari ekingo diote, ez dute beraz apirilean alokairurik ordainduko, eta erresistentzi-kutxa bat ere jarri dute martxan.
Katalunian indar handia hartu du greba deialdi horrek, hango maizterren sindikatuko bozeramaile Jaime Palomerak El Salto egunkariari azaldu dionez, “gezurra” da alokairuak ordaintzen ez badira dozena milaka geratuko direla errentarik gabe eta oinarrizko beharrak ase ezinik: “Higiezinen lobbya ari da zabaltzen mezu hori, bankuen eta funtsen transmisio-uhala baita”, dio. Grebara deitzeko oharrean, hain zuzen, erreferentzia egiten zaio batez ere “errenta ugari” kobratzen dituzten pertsona juridikoei ez ordaintzeari.
Euskal Herriko Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez, Alokairuko Higiezinen Patronala (Asipa) presioa egiten ari da ez daitezen kondonatu alokairu horiek. Bestalde, plataforma honek positiboki baloratu du Eusko Jaurlaritzak egoera zaurgarrian dauden pertsonei parke publikoetako alokairua ez kobratzeko ostiralean hartutako erabakia, baina baldintzak hobetu daitezkeela uste du.
Espainiako Gobernuak, bere aldetik, hipotekak ez ordaintzeko moratoria ezarri zuen alarma egoeraren ondorioz, baina alokairuekin ez du halako neurririk hartu eta maizterren sindikatuek pauso bat eman dezala eskatu diote. Era berean, hutsik edo putre-funtsen esku dauden etxebizitzak “sozializatu eta etxerik gabe daudenen esku” jartzeko ere eskatu dute.
Ekimenari 200 eragile inguruk eman diote babesa. Tartean dira Euskal Herriko sindikatuak ere, Donostiako maizterrena kasu. Webgune bat paratu dute informazioa eta baliabide ugari eskainiz.