argia.eus
INPRIMATU
Alokairuen greba prestatzen ari dira apirilerako, Espainiako Gobernuak neurriak hartu ezean
  • "Zuk ere ezin duzu alokairua ordaindu? Exijitu gobernuari konfinamenduak iraun bitartean alokairuak bertan behera utz ditzala. Batu zaitez". Mezu hori irakur daiteke suspensioalquileres.org webgunean sartu eta lehen begi kolpean. "Krisi honek diru sarrerarik gabe utzi gaituen maizterrak milaka gara. Ezin dugu bizi garen etxebizitzaren edo lan egiten dugun bulego edo komertzioaren alokairua ordaindu. Bi aukera: gobernuak bertan behera uzten ditu alokairuak edo ez ditugu ordainduko", diote zuzen. Espainiako Estatuko 200 eragilek bat egin dute dagoeneko, LAB sindikatuak edo Donostiako Maizterren Sindikatuak tartean.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko martxoaren 23a

"Etxebizitzaren ordainketara gure diru-sarreren ehuneko handiena bideratzen duen Europako estatuetako bat gara. Horrek aurretik ere familia asko itotzen zituen ekonomikoki. Covid-19 epidemiak iraun bitartean ez bada eteten alokairuen ordainketa, etxeko ekonomia eta enpresa txiki asko kolapsotik gertu geratuko dira, eta alokairua ez ordaintzera behartuta ikusiko dute beren burua. Muturreko egoera horretan dauden pertsonen kasuak iristen ari zaizkigu dagoeneko", diote kanpainaren antolatzaileek.

Gobernuari jakinarazi diote ez baditu neurriak hartzen, beraiek izango direla neurriok praktikan jarriko dituztenak. "Guk argi dugu, krisi hau ez dugu herritarrok ordainduko, 2008an ez bezala. Izan ere, luzaroan ari gara frogatzen ez dugula onartuko inor bere etxetik botatzea, soilik espekulatzaileen pribilegioak bermatzen direnean. Diru sarrerak galtzen baditugu, zorpetu edo oinarrizko beharrak bete gabe utzi baino, alokairua ordaintzeari utziko diogu. Erantzun bateratu eta koordinatua antolatzen ari gara".

"Krisi hau ez dugu herritarrok ordainduko, 2008an ez bezala"

Antolakuntzan indar berezia jartzen ari dira, eta alokairua ordaintzeko arazoak dituzten herritarrei formulario bat betetzeko eskatzen ari dira. Maizterrek beren etxejabeei edo lokalen jabeei entregatzeko dokumentuak ere prestatu dituzte hainbat hizkuntzatan, euskaraz barne. Orri horietan jartzen du Covid-19 krisiagatik diru sarrerak nabarmen gutxitu zaizkiola maizterrari, eta hilabeteko errenta bertan behera uzteko eskatzen diola jabeari, aldi berean jakinaraziz, ez duela apirileko errenta ordainduko. Behin dokumentuak eskuratutakoan, change.org sinadura bilketan babesa adierazteko eskatzen dute. Astelehen gauean 34.000 lagunek dagoeneko egina dute bat kanpainarekin.

Kanpainan parte hartu ala ez, zalantzan dauden jendeentzat ere hainbat galdera-erantzun bilduz atal bat prestatu dute.

Jarraian Donostiako Maizterren Sindikatuak atera duen komunikatua.