argia.eus
INPRIMATU
Alokabide esleipendunak “etxebizitza kaltegarriak” onartzera derrigortzen ari dela salatu dute
  • Alokabide Aguraingo eta Araiako balizko esleipendunak bere proposamenak onartzera derrigortzen ari dela salatu dute hainbat eragilek. Azken hilabeteetan eskualdeko alokairu publikoko etxebizitzen esleipena "gehiegikeria" bihurtu dela kritikatu dute.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko urriaren 15
Alokabide esleipendunak "etxebizitza kaltegarriak" onartzera derrigortzen ari dela salatu dute (Argazkia: ESK sindikatua)

Argilan-ESKk, Elkartzenek, Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak eta Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak (PDS) agerraldia egin zuten ostegun goizean, urriaren 10ean, ESK, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuekin batera.  Zalduondo eta Araiako EH Bilduko alkateak eta Arabako Lautadako ordezkariak ere izan ziren.

Arrazoi ezberdinak argudiatuz, kalteak eragingo lizkiekeen alokairuko etxebizitzei uko egin diete pertsona horiek, eta, ondorioz, bere zerrendetatik kanpo utzi ditu Etxebidek.

Eragile hauek identifikatu duten arazo nagusia honakoa da: Lanbideren araudiaren arabera, Etxebideko zerrendetatik ateratzeak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE-RGI) eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (EGPO-PCV) jaso ahal izateko baldintzak ez betetzea dakar.

"Egoera mingarrien lekuko gara"

Salatu dutenez, pertsona askok Etxebiden izena eman zuten etxebizitza eskatzaile gisa, "bai DSBErako baldintza hori betetzeko, bai alokairuko etxebizitza aurkitzeko bide egokia izango zelakoan".

Hala ere, nahiz eta prezioak egokiak izan, kasu batzuetan etxebizitza "desegokia" izateko arrazoi ezberdinak suertatzen direla azaldu dute. Besteak beste, etxebizitzaren "baldintza txarrak" edota ohiko bizitokitik zein ingurune sozialetik urruntzea.

Askotan, arrazoi horien ondorioz, babestutako etxebizitzari uko egiten zaio eta "horrek Etxebideko zerrendatik epe batez kanpo geratzeko arriskua" dakarrela ohartarazi dute.

Pertsona edo familia hori emergentziazko prestazioen jasotzailea bada eta babes ofizialeko etxebizitzari uko egiten badio, EGPOa eta DSBEa eteteko edo iraungitzeko "zigor gogorra" izango duela azaldu dute: "Egoera mingarrien lekuko gara".

Haien ustez, "DSBEak eta EGPOak gizarte-bazterketaren aurkako borroka-tresna" dira eta, horregatik, "pertsonei euren ostatua aukeratzen" utzi behar zaie. Hortaz, Arabako Lautadako pertsona ezberdinek Alokabidera helarazi dituzten alegazio-idazkiak onartzea eskatu dute.