argia.eus
INPRIMATU
Alofilia
  • Asertiboa, akuilari, eragile, motibatzaile, erreferentzia, eredu, adibide, lidergo eraldatzaile, bidelagun, eraikitzaile, erakusbide, irakasbide, pertzepzioa, logika, psikologia, pedagogia, komunikatiboa, zeharkakotasuna, endo-taldea, exo-taldea.

Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2014ko maiatzaren 21a

Osagai edo aldagai hauek guztiak gehi beste zortzi mila gehiago aipatu ziren Udal Topek Lasarten gauzatu zituen euskararen inguruko jardunaldietan. Eta baldintza hauen guztien gidari-aholkulari, euskara teknikaria, jakina (normalkuntzakoa, trebatzailea, dinamizatzailea…), gure hizkuntza normalizazio bidean jarri eta Euskal Herriko zoko-moko guztietako administrazioetan zabaltzeko, hedatzeko eta egonkortzeko. Baina guk eskatzen duguna, ez da soilik goiko parrastada horren guztiaren gidari izatea euskara zabaltzen diharduen bide-laguntzaileak. Guk hauxe eskatu genion (nion) HPS Patxi Baztarrikari: euskara babestuko lukeen lege bat onartzea, inguruko hizkuntzen (gaztelania eta frantsesa) babes juridiko bera izatea.

Denok dakigu egun bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen duela euskarak Euskal Herrian. Eta hemen dago gakoa euskara noranahiko bilakatuko duena eta egun bizi duen makalditik suspertzen lagunduko liokeena, agian: legea aldatzea edota egokitzea. Estatus juridiko bera izatea euskarak eta erdarak. Eta hau Eusko Jaurlaritzaren lana da. Politikoa.

Euskara ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dugu eta erdara, ostera, eskubide eta derrigorra, Konstituzioak Konstituzio. Hortaz, demokrazia legean eta justizian oinarritutako sistema bada, euskara desabantailan dago erdararen aldean, eta nik ez dut inondik inora ikusten justiziarik ez legerik euskara babesten duenik. Erdarak hizkuntza hegemonikoak dira, baztertzaileak eta suntsitzaileak, euskara, ordea apaingarri linguistikoa. Erdara bezala euskara derrigortuko balitz, legearen babesarekin, jakina, beste kukurruku bat egingo luke oilarrak.

Eta gaitz-erdi euskararen alde borroka mentala, emozionala, soziala eta politikoa egin izan dela historian zehar. Eta, hala eta guztiz ere, gure hizkuntzak marjinal izaten jarraitzen du.

Ulergarria da, bestalde, Udal Topen mezu positibo eta baikorra igorri nahi izatea (Mikel Irizarrek aro berri baten aurrean gaudela esan zuen), horixe bera egin behar izaten baita krisialdietan, positibismo edulkorantea barreiatu, herriak-hiztunak itxaropenik ez dagoela sinetsi eta bere buruaz beste egin ez dezan.