argia.eus
INPRIMATU
Allande Sokarros Ozazen
  • Hogeita lau urte edukiko zituen Egia hilabetekari gorriaren ekipoan ezagutu genuenean 1981ean. Inork eraman ez badu ARGIAren artxiboko argazkiren batean agertuko da Allande orduko bere lüneta lodi haiekin, Jean Pierre, Jon eta Panpilirekin batera, esango nuke “Noiz jaikiko dira egiazko zuberotarrak?” erreportajean azaldu zela.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko abenduaren 13a

Berrogei urteren buruan berdin-berdina dago Ozaze-Züharako herriko etxea, aspaldiko eskola txiki baten itxura dauka, eta han zeukan egoitza Zuberoako mini-establishmentari eta honen bozeramaile zen Le Miroir de la Soule-ri egurra gogotik ematen saiatzen zen talde txiki hark. Laster barne krisi bat, Egia itxi eta Abil sortuko zuten. Hotz egiten zuen Ozazeko bulego ilun hartan, hotz egiten zuen bezala Zuberoako neguetan, ez zen erraza irudikatzen hango baratze batean inork “bi zitroin doratü” eduki zitzakeenik. Beroa zen, ordea, gazte haien mintzoa, sua zerion egiten zuten informaziori.

Jean Pierre Parisko 68ko Maiatzaren lider-ohietakoa zen, erdizka harrapatzen genizkion hitzetan igarri zitzaion, argitaletxe anarkista bat edukiko zuen beranduago Poitiers aldean. Jon eta Panpilik Ideki argitaletxe-inprimategi txikia sortu zuten gero, oraindik existitzen dena. Allandek ARGIAra tarteka artikulu bat igortzen zigun, berak atera eta errebelatutako argazkiz hornituta. Artikulua eskuz idatzita, pakete osoa postaz, elkarretaratzea egin dutela euskaltzaleek Franz Dubosq kazikearen txaletaren atarian ikastolak izorratu nahi dituelako, pastorala egingo dutela Pagolan…

Etxebarreraino eraman gintuen behin, jaiotetxea erakustera, bera aurretik mobiletan, guri Iparraldeko herririk bakartuena iruditu zitzaigun hartara, bidea bukatzen zen han! Eskertu genion konfiantza, joan-etorri hartan erakutsi zizkigulako bere izate menditarraren zenbait giltza.

Allandez galdetuta, zuberotar euskaltzaleen erreferentzietako bihurtuta hil baita, Jojo Etxebarne barkoxtarrak esan dio kazetariari: “Harekin zen edo bai edo ez. Tartekorik ez”. Joan zaizkigu aukerak harekin eztabaidatzeko euskalkiaren eta euskara batuaren arteko uztartu beharraz. Sokarrosez oroitzen baikara Euskal Herri ia osoan “Norabide guztiak” dioen lekuan Maulen “Toki orotara” ikusten dugun aldi oro.