argia.eus
INPRIMATU
Alkateen soldatetan gorabeherak legealdiko lehen plenoetan
  • Legealdi berria hasi denetik lehen plenoak egiten ari diren honetan, hainbat herritako alkateak beren soldatetan aldaketak egiten ari dira. Kasu batzuetan nabarmen ari dira igotzen soldatak, baina bada soldata txikitu duenik ere. 

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 01
Arrigorriagako batzarrean herritar ugariren protesta oihuak entzun ahal izan ziren (argazkia: @unaizabaleta)

Asier Albizua, Arrigorriagako EAJko alkateak, adibidez, %44 igo du soldata aurreko legealdiko soldatarekin alderatuta. Urtean 20.000 euro gehiago kobratuko ditu Arrigorriagako alkateak. Lehen udalbatzean egin dute aldaketa, udaletxean bildutako herritarren protesta eta oihuen artean.

Antzekoa gertatu da Beasain eta Azkoitiako kasuetan ere. Lehenengoan, %19 igo dute EAJko Aitor Aldasoro alkatearen soldata. Beasaingo alkateak ia Espainiako ministro baten pareko soldata izanen du: 68.981 kobratzen ditu ministro batek urtean, eta 67.087 euro kobratuko ditu Aldasorok. Azkoitian ere gora egin du alkatearen soldatak: EAJko Javier Zubizarreta alkateak aurreko alkatearen soldata %47 igo du.

Txomin Sagarzazu Hondarribiako EAJko alkatearen kasuan, soldata urteko 5.000 euro inguru jaitsi badu ere, Marbellako alkatearen pareko soldata izanen du hurrengo lau urteetan: 65.000 eurokoa, hain zuzen. Zestoako Joxe Mendizabal alkateak ere (EAJ) ia %50 igo du soldata. 

Legealdiko lehen plenoetan, ordea, ez dituzte soldatak igo toki guztietan. Alderantzizkoa gertatu da, adibidez, Etxebarrin. Loren Oliva alkateak, La Voz del Pueblo taldekoak, %10 jaitsi du bere soldata, hilean 2.700 euro kobratzera pasatuz.

Nafarroan, Corellako alkateak (ACI) aurreko legealdikoak baino %11 gutxiago kobratuko du.

Iruñean ere, Asiron alkateak hasieratik egin du soldatak jaisteko hautua. Alkateari %17 eta zinegotziei %19 jaistea eskatu dute, eta uztailaren 3an aurkeztuko dute proposamena batzarrean. Joxe Abaurrea EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, egungo egoerak aldaketa eskatzen du: “Esfortzu bat egin behar dugu egungo egoerak horrela eskatzen duelako. Soldata duinak eduki behar ditugu, baina herritarren gehiengoarentzat oso zaila den errealitatera egokituak”.