argia.eus
INPRIMATU
Alkate eta herritarren bide mozketak Nafarroan garraio astuna N-121A-tik A-15-era desbidera dezaten
  • Ostiral honetan N-121A errepidean hamaika mozketa egin dituzte herritarrek ibilbidean zehar diren alkateek deituta. Beste behin ere Nafarroako Gobernuari eskatu diote errepide horretako garraio astuna A-15 autobidera eraman dezatela.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko apirilaren 17a

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak erantzun die izaera nazionaleko errepide batez ari direla eta “Foru Gobernuko zerbitzu juridikoek ezinezkoa dela” diotela.

Ateratako agiri bateratuan, alkateek erantzun diote Zaragoza eta Logroño arteko ardatza den N-232, N-II eta N-340, Frantziatik Mediterraneora doan korridorea, eta N-240, Ebrotik Tarragonara doan ardatza, errepideak ere "nazionalak" direla, baina toki horietan egin direla antzerako desbideraketak: “Azken horietan, Errioxako eta Kataluniako gobernuek beren herrien segurtasunaren eta lasaitasunaren aldeko apustua egin zuten, kamioiei bertatik ibiltzea debekatuz”.

Alkate eta herritarren esanetan, azken hiru hamarkadetan 200 pertsona baino gehiago hil dira eta beste ehunka pertsona larri zauritu dira N-121A errepidean: “Zenbat hildako eskatzen ditu segurtasun juridikoak?”, galdetu dute.

Nafarroako Gobernuak errepide hau 2+1 motakoan bihurtu nahi du. Hau da, errepide osoa hiru karrilekoa litzateke, batzuetan bi karril norabide batean eta besteetan beste norabidean, txandatuz, eta hirugarren karrilean ez legoke aurreratzeko aukerarik. Belateko tunelek, halaber, bi karril izango lituzkete norabide bietan.

Alkateen ustez, ordea, ez da beharrezkoa gastu hori guztia egitea eta nahikoa litzateke egun Europako korridore gisa erabiltzen den errepidean trafiko astuna debekatzea eta A-15 autobidera bideratzea. Urteak dira errepide honetako tokiko erakunde eta herritarrak hori eskatzen ari direla eta ostiral arratsaldeko bide mozketak norabide horretan egindako mobilizazioak izan dira.

Hemen errepidean zehar egindako mozketetako batzuk: