Aljeriak Espainiarekin duen adiskidetasun ituna bertan behera utzi du eta horrek nabarmen eragingo die bien arteko harreman komertzialei. Gasa da Espainiak handik gehien esportatzen duen produktua.
Aljeriarekiko Espainiaren inportazioen %90etik gora gasa eta beste erregai batzuk dira, guztira 4.400 bat milioi euro urtero, hau da, Espainiako aurrekontuaren %0,6 inguru. 2015ean Espainian kontsumitzen zen gasaren %60 Aljeriakoa zen, iaz %40ra jaitsi zen eta aurtengo apirilean %23,4 Petrolio Erreserben Korporazio Estrategikoaren datuen arabera.
Errusiako Gerra dela eta Europako herrialde askok hornitze arazoak dituzte eta ez dituztenek ere gasaren prezioaren igoera ondo baino hobeto nozitu dute. Egoera horren aurrean, nola eragingo dio Espainiako Estatuari Aljeriaren adiskidetasun itunaren hausturak? Antonio Turiel ikerlari eta irakasle ezagunak Trece al día hedabideari jakinarazi dioenez, gaur egun Espainiak kontsumitzen duen gasaren laurdena Aljeriatik dator, eta edozein kasutan, 20 egunetako erreserbak ere baditu, beraz 80 egunetarako gasa badu, "baina Aljeriako iturria ixten bada, askoz lehenago aurreikusi beharko du egoera hori".
Edozein kasutan, gasaren prezioa bai ala bai garestituko da Espainian eta, beraz, Hego Euskal Herrian. Turielek dioenez, Espainiari saltzen dion gasaren prezioa igotzeko gogoa du aspalditik Aljeriak, eta aldi berean, bere gas merkatua Italiarantz gehiago bideratu nahi du". Eta ba al dira alternatibak? Ezetz dio ikerlariak. Batetik, egunotan Espainiatik gasa inoiz ez bezala ari da ponpatzen Frantziara, "une honetan han zentral nuklearren erdia geldirik dutelako". Bestetik, "aste honetan, Texaseko likuefakzio zentral bat lehertu egin da, eta han sortzen da AEBetatik esportatzen den gasaren %20. Beraz, AEBek %20 gutxiago esportatzen ari dira dagoeneko".
Horiek Turieren usteak oraingo itunaren haustura dela eta sor litekeen egoera konplexuaz, baina ikertzaileak aurrera begira ikusten duenez, Espainiako Estatua bihurtuko da etorkizunean Europar Batasunaren gas hornidurarako giltzarri. Europar Batasunetik hori prestatzen ari dira dagoeneko eta Espainiak Next Generation funtsetatik jasotzen ari den dirutzak badu ei du loturarik etorkizun horrekin. Sakontzeko interesa duenak, Ctxt-ren artikulu interesgarri honetan jarrai ditzake Turielen azalpenak.