argia.eus
INPRIMATU
Aljeriako berbereak beren hizkuntza eskubideen alde kalera atera dira
  • Aljeriako Gobernuak amazigera hezkuntza sistematik kanpo uztea erabaki ostean hasi dira protestak.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko abenduaren 19a
Argazkia: Francois Lenoir

Algeriako berbere komunitateak gobernuari eskatu dio babestu eta mantendu dezala euren jatorrizko hizkuntza. Kalera atera dira milaka herritar herrialdearen iparraldean, Aljeriako parlamentariek hezkuntza sisteman berberera txertatzeko aukera atzera bota ostean. Ostiralean esaterako errepide mozketak egin zituzten, AlJazeerak jaso duenez.

15 eta 50 milioi lagun inguruk hitz egiten dute amazigera edo berberera Afrika iparraldean, Saharan eta Mediterraneoan. Hizkuntza eskubideen aldekoen esanetan, “Aljerian, Libian edo Marokon berbereraz hitz egiten duzunean, politikaz edo identitateaz hitz egiten ari zara”.

Hizkuntza honen ofizialtasunaren aldeko borroka ez da gauza berria. Hamarkadak daramatzate euren hizkuntza eskubideen aldeko jardunean berbereek. Gaur Aljerian ematen ari diren protesten modukoak, izan ziren 2011n Afrika iparraldeko beste herrialde batzuetan. “Aljeria, Maroko, Tunisia eta Libia independizatu ziren egunetik zapaldua izan da amazigera”, salatu dute.

1963ko konstituzioan arabiera ageri zen Aljeriako hizkuntza bakar moduan. 2002. urtean bigarren hizkuntza nazional izendatu zuten berberera. Gobernuak hizkuntza bultzatu eta garatzeko konpromisoa hartzen zuen testuan. Norabide horretan sortu zuten, Hizkuntza Berberearen Aljeriako Akademia. Hala ere, ondoren politika publikoetan, hizkuntzaren aldeko apustu seriorik egin ez izana egotzi diote gobernuari. “Pozik gaude hizkuntza ofiziala delako orain, baina hori ez da nahikoa” adierazi dute hizkuntza eskubideen aldeko ekintzaileek.