Zortzi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, beste biak, berriz, Gasteizen. Horrez gain, Algortako Portu Zaharreko jaietan gertatutako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea egin dute, astelehenean.
Foruzaingoak zazpi gizon atxilotu ditu indarkeria matxistari lotuta, San Adrianen, Beran, Iruñean, Funesen eta Artikan. Lau gizoni tratu txarrak ematea egozten dio Poliziak, eta beste hirurei urruntze-agindua ez betetzea. Beste bat Tuterako Udaltzaingoak atxilotu du, eta bi Gasteizko Udaltzaingoak.
Tuteran 32 urteko gizon bat atxilotu dute indarkeria matxista egotzita. Emaztea jotzea leporatzen diote, zeina larrialdietan artatu behar izan zuten. Gizona Foruzaingoaren zaintzapean da, epailearen esku gelditu arte.
Gasteizen, bestalde, bi gizon atxilotu dituzte indarkeria matxista leporatuta. Horietako bat 35 urteko gizon bat da, eta haren bikotekide ohiari fisikoki eta psikologikoki eraso egitea egozten diote. Astelehenean 8:30ak aldera deitu zuen emakumeak Udaltzaingora, gertatutakoa salatzeko. Bestea larunbatean atxilotu zuten, 40 urtekoa. Udaltzaingoak adierazi du haren bikotekidearekin eztabaida bat izan eta lurrera bota zuela.
Getxon, Algortako Portu Zaharreko jaietan emakume bati sexu erasoa egin zion gizon batek, larunbatetik iganderako goizaldean. Astelehenean, Mugimendu Feministak deituta elkarretaratzea egin da erasoa gaitzesteko.