argia.eus
INPRIMATU
Algortako hamasei lagun zigortu dituzte Guardia Zibilaren aurka manifestatzeagatik
  • Isuna ezarri diete 'Alde Hemendik!' eguneko mobilizazioan parte hartzeagatik. Salatu dute zigorra 'mozal legeari' lotuta dagoela, eta adierazpen askatasuna errespetatzea exijitu dute.

Topatu.eus @topatu_eus 2016ko apirilaren 07a

2015eko urriaren 10ean Alde Hemendik! eguna ospatu zuten Algortatik Hanka indar okupatzaileen aurkako mugimenduaren ekimenez. Egitarauaren baitan, manifestazio jendetsua egin zuten, eta bertan parte hartu zuten hamasei kideri isuna ezarri diete "segurtasun indarren kontrako errespetu falta" leporatuta. Mugimenduak salatu du Poliziak zigorra mozal legeari esker tramitatu duela: Guardia Zibilak jarri du salaketa, eta Ertzaintzak kudeatu du bide administratibotik.

"Nola da posible legezko manifestazio batean parte hartzeagatik hamasei pertsonek isuna jasotzea? Nola da posible Poliziak akusazio eta epaile gisa jokatzea?", galdegin diete Euskal Herrian "bake egoeran" bizi direla esaten dutenei. Uste dute jendarteko sektore baten aurkako errepresioa desagertzetik urrun, "areagotu eta findu" egin dutela: "Euskal Herrian ohituegiak gaude errepresio molde horietara, baina mozal legearekin jardunbide hori egonkortu eta legeztatu egin dute". 

Bestetik, kezka azaldu dute pertsona horiek identifikatzeko sistemaren inguruan. Guardia Zibilak grabatutako bideo baten bidez identifikatu dituzte hamaseiak, egunean bertan ez baitzuen identifikazio presentzial eta fisikorik egin. "Alerta pizten digu kontrol sozialerako dituzten fitxategi eta baliabideen inguruan", adierazi dute, "Zein fitxategi mota dauka Guardia Zibilak identifikazio hauek egin ahal izateko?".

Adierazpen askatasunaren aurkako eraso gisa ulertzen dute zigorra, eta jakinarazi dute are ozenago jarraituko dutela oihu egiten indar okupatzaileek Euskal Herrian ez dutela lekurik.

 

Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra