argia.eus
INPRIMATU
Algortako Eztabaida gune antiautoritarioak ateak itxiko ditu
  • Zazpi urteko ibilbidearen ostean ateak itxiko ditu Algortako Eztabaida gune antiautoritarioak. “Motibazio eta energia desgastea” dela eta hartu dute erabakia taldeko kideek. 

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 24a
Kontzientzia kritikoa garatzeko helburuarekin jaio ez Eztabaida gunea (argazkia: musikherria.org)

Kontzientzia kritikoa garatzeko helburuarekin jaio zen Eztabaida. Horretarako materiala biltzeaz gain (liburuak, fanzineak, aldizkariak, diskoak), ekitaldi ugari ere antolatu dituzte urteotan kapitalismoaren, sexismoaren, arrazismoaren edota estatalismoaren aurka.

Guneak Uribe Kosta eskualdeko kolektiboen elkargunerako tresna izatea ere bazuen helburu. Proiektua aurrera ateratzeko autogestioan oinarritu dira partaideak.

Eztabaidak zabaldutako oharrean adierazi duenez, “proiektu kolektibo bat garatzerakoan jendez inguratuta egotea beharrezkoa da, eta horixe da gure gabezia nagusia”. Jendearen inplikazio eskasak lokalaren kudeaketa gutxi batzuen esku utzi duela eta, proiektuari amaiera emateko erabakia hartu dute kideek: “Ez dakigu errealitate honen arrazoia proiektuan parte hartzea bermatuko luketen dinamiketan ez asmatzearen ondorioa den, edo pertsonak gero eta desmobilizatu eta alienatuagoak egotearekin zerikusirik duen”.

Urte hauetan parte-hartu duten kide guztiei eskerrak eman eta bilera irekia deitu dute irailaren 10erako, lokalaren kudeaketaz edota proiektuaren balizko errelebuaz hitz egiteko.