Algorriko K/T mugaren behatokian egiten ari diren lanek hainbat herritarrengan kexa eta haserrea piztu du. Hori dela eta manifestazioa deitu dute bihar arratsalderako. Mobilizazioa Beheko plazan elkartuta hasiko dute, 19:00etan.
Algorriko K/T mugaren behatokian egurrezko plataforma eraikitzen hasi dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zumaiako Udala. Aktuazio horrek herritar batzuengan haserrea sortu du, eta lan horien aurka azaldu dira. Hauen ustez, "herriko ondare kultural eta natural garrantzitsuenetariko bat suntsitzen ari dira ustiapen turistikoaren alde. Lan horiek inflexio puntu bat eragin dute herritarrengan. Pentsatzen dugu ez direla herritarren esanak kontutan hartzen, eta uste dugu eremu babestu baterako ez dela erreforma egokiena”, aipatu dute. “Hau guztia turismo masiboaren eragina da, eta turismoari alfonbra gorria jartzen jarraitzen dugun bitartean, ez da arazoa konponduko”, nabarmendu dute.
Hori dela, biharko manifestaziora deitu dituzte herritarrak. Mobilizazioa, Beheko plazan elkartuta hasiko dute, 19:00etan. Ondoren, Txomin Agirre kaiatik barrena Algorrira joango dira. Bertan irakurketa bat egingo da.
Albiste hau Baleikek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.