Fethi Nourine 30 urteko judoka aljeriarrak jakinarazi du Tokioko Olinpiar Jokoetatik erretiratu dela, Tohar Butbul israeldarraren aurka jokatzea egokitu zaiolako bigarren errondan, 73 kiloz apiko koadroen zozeketan. "Ez ditut eskuak zikindu nahi", adierazi du bere herrialdeko telebista publikoan eginiko adierazpenetan. Astelehen goizean Sudango jokalariak erabaki bera hartu du.
"Lan handia egin dugu Olinpiar Jokoetara sailkatzeko, baina Palestina garrantzitsuagoa da hori guztia baino. Ez dugu Israelgo bandera aitortuko eta ez ditugu eskuak zikinduko". Albisteak sare sozialak astindu ditu eta bere herrialdean oso ongi hartua izan da.
Nazioarteko Judo Federazioak biak kanporatu ditu hartutako erabakiagatik.
Aljeriako hautatzaile nazional Aamar Ben Yekhlef-ek azalpenak eman ditu Ennahar TV-n: “Ez dugu zorterik izan zozketan. Fethi Nourine judokari egokitu zaio judoka israeldarraren aurka aritzea bigarren errondan eta horixe da txapelketa uzteko arrazoia. Uko egiten diogu Israelekin harremanak normalizatzeari, eta beraz, erabaki zuzena hartu dugu".
Erabakia eta polemika ez dira berriak. 2019ko Judoko Munduko Txapelketan gauza bera gertatu zen, Nourineri egokitu zitzaionean Butbul israeldarraren aurka jokatzea. Han ere, erretiratu egin zen aurretik.
2016ko Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan El Shahaby judoka egiptoarrak uko egin zion Sasson judoka israeldarrari eskua emateari, 100 kilokoen kategorian.