Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebteko espetxealdia ezarri nahi dio Alfredo Remirez amurrioarrari. Haren abokatuak azaldu duenez, 2009an jasotako zigorra betearazi nahi dio, 2017ko zigor bat baliatuta.
Urtebeteko kartzelaratze eskaera jaso berri du Alfredo Remirezek. Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioak duela aste batzuk zigortu zuen 2012an, 2013an eta 2014an terrorismoa goratzeagatik. 2009an epaileek urtebetez kondenatu zuten Remirez delitu bera egotzita, Amurrioko txupinazoan preso baten irudia erakusteagatik.
Espetxealdia bertan behera geratu zen –bi urte baino gutxiagokoa zelako– eta bost urtez utzi zuten Remirez baldintzapeko askatasunean. 2017an berriro zigortu dute sare sozialetan terrorismoa goratzeagatik. Alabaina, delituak 2012an, 2013an eta 2014an bete zirenez, Entzutegi Nazionalaren iritziz, hautsi egin dira 2009ko zigorra bertan behera uzteko baldintzak.
Alfredo Remirezen abokatuak hiru egun izango ditu helegitea aurkezteko. Hala ere, legegileak uste du jurisprudentzia ugari dagoela Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka.
"Legearen oso interpretazio zurruna egin dute, aditu askok adierazi dute epaiarena dela aintzat hartu behar den data, eta ez delituena. Hortaz, Alfredoren kasuan 2017an izan da epaia eta bost urteko zigor etenaldia gaindituta zegoen", adierazi dio Aiaraldea-ri.
Egoeraren aurrean, Auzitegi Nazionalaren jokaera salatu du Remirezek: "Ez naute bakean utzi nahi". Jasaten ari den jazarpena dela-eta, mobilizazio deialdiak egongo direla iragarria du.
Artikulu hau Aiaraldea.eus-en argitaratu da eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra