Iktus baten ondorioz hainbat egunez ospitalean egon ondoren, ostiral eguerdian hil da Perez Rubalcaba. PSOEko idazkari nagusi ohia eta besteak beste Espainiako Barne ministro izandakoa, haren eragina nabaria izan zen ETAren azken garaian Espainiako Estatuaren estrategia eramateko.
Madrilgo Puerta de Hierro de Majadahonda ospitalean hi lda Alfredo Pérez Rubalcaba, 67 urterekin. Hil aurretik, Espainiako hainbat goi ordezkari eta politikari ugari igaro da senideei babesa ematera, Rubalcabak bere karrera politikoan izandako eraginaren erakusle.
80ko hamarkadan, Felipez Gonzálezen gobernuan hasi zuen ibilbidea unibertsitateetako zuzendaritzan eta apurka gero eta kargu garrantzitsuagoak hartu zituen. 1993tik aurrera, Espainiako Gobernuaren aurpegia izan zen, GALen atentatu eta hilketek erabat zipriztinduta zegoenean.
Botere politiko gehien, baina, Jose Luis Rodríguez Zapateroren gobernupean lortu zuen, 2004tik 2011ra. Barne ministro izan zen, baita gobernuaren bozeramaile eta presidenteorde ere, dena batera. ETAren azken garaietan zeresan handia izan zuen Rubalcabak, nola Loiolako elkarrizketetan edo ondoren, erakundea armak uztekotan zenean.
Rubalcabaren estrategia ezker abertzalea polizialki harik eta gehien estutzea izan zen. Urte horietan izan ziren makro-atxiloketa eta tortura kasu ugari, eta besteak beste Bateragune auziaren ondorioz ETAren amaiera lortzeko lanean ari ziren ezker abertzaleko kide esanguratsuak kartzelaratu zituzten. Operazio horietan epaitutako asko absolbituak izan ziren gerora.