argia.eus
INPRIMATU
De Miguel eta Otxandiano burukide ohiak Arabako espetxean sartu dira
  • Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 06a
De Miguelen artxiboko argazki bat.

Astelehenean, Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak hiru eguneko epea eman zien Otxandianori eta De Migueli espetxean borondatez sartzeko. Hala ez eginez gero, estatuko segurtasun-indarrei atxilotzeko agindua emango ziela adierazi zuen epaileak. Epea bukatu baino lehen sartu dira biak.

Auzitegiak atzera bota ditu bien indultu eskaera guztiak, eta kartzela-zigorra “atzerapenik gabe” bete behar dutela adierazi du. Hala ere, kasu honengatik kartzelara zigortutako guztiak ez dira sartu espetxean: Aitor Telleria, ustelkeria sarearen beste burua, bost urtera zigortuta, osasun arrazoiengatik ez da espetxean sartuko.

De Miguel auzian zigortutako pertsonetatik espetxean sartzen lehenengoa Xabier Sanchez Robles izan zen. Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari ohia maiatzaren 17an sartu zen espetxera, zazpi urtetako zigorra betetzeko. Bigarrena izan da EAJren Arabako Buru Batzarreko buruzagi ohi Koldo Otxandiano, zazpi urteko zigorrarekin bera ere. Araba Buru Batzarreko kide izan zen Alfredo de Miguelek hamabi urteko zigorra du, baina bederatzi egingo ditu espetxe barruan, gehienez ere..