Itsas Etxea auditorioan elkartu ziren astelehen arratsean Alfonso Sastre antzerkilaria eta duela zazpi urte zendu zen Eva Forest idazleari omenaldia egiteko. Alfonso Sastre Kultur Elkarteak eta Hondarribiko Udaleko Kultura sailak antolatu zuten ekitaldia.
Carlo Frabetti idazleak hartu zuen lehen hitza omenaldiaren zergatiak azaltzeko. Bi artisten lanak goraipatu zituen, esanez Sastre gaztelaniaz idazten duten antzerkigileen artean, bizirik dagoen "handiena" dela; eta Eva Forestek argitaratu zituen liburuak ez direla garrantzi gutxiagokoak.
“Hedabideek sistematikoki baztertu dituzte bi intelektual handi hauek”, Frabettiren hitzetan. Horren zergatiak, idazlearen ustez, argi daude: "kapitalismoaren gehiegikeriak" salatu izan dituztelako kondenatu dituzte “ikusezintasunera".
Ekitaldian Sastre eta Foresten lagun, senide eta Hondarribiako ordezkari instituzionalak bertaratu ziren. Txandaka hitza hartzen joan ziren bikotearen adiskideak eta tarteka Sastreren obren pasarteak irakurri zituzten.
Antzerkilariak urteak daramatza Hondarribian bizitzen eta ekitaldian adierazi zuen “betidanik" sentitu izan dela "oso gustura Hondarribian eta Euskal Herrian", Noticias de Gipuzkoa egunkariak jaso duenez.